Liluragarria iruditzen zait euskarari buruz hitz egiten dutenean, erdaldun asko eta askok erakusten duen harropuzkeria hutsala. Ez da sinestekoa, euskara dela eta, maiz, euskaraz tutik ere ez dakitenek bat ere lotsatu gabe esaten ausartzen diren gauzak. Espainian, eta Euskadin ere berdin antzean, hamaikatxo tertuliano eta iritzi-emailerekin gertatu ohi da euskal abertzaletasunaren joan-etorri politikoaz hitz egiten dutenean, euskarari buruz ere baieztapen borobilak bezain sasi-jakituriaz betetakoak egitea, hizkuntzalaririk ospetsuenak izango balira bezela. Gauka ikusia da: euskarari buruz edozeinek esan dezake edozer aurpegiaren kolorea aldatu gabe eta lasaitasuna galdu gabe.
Azken adibidea, aste honetan aurkitu dut La Gaceta eskumako egunkarian. Hilaren 9ko alean, Genoveva izenordeko batek, Lost in translation izenburuko idazkitxoa argitaratzen du 2 orrialdean. Euskara da bere gogetaren bihotz-muina. Zehatzago esateko, ETA-k euskarari egin omen dion kaltea, gaztelaniara, gorrotoarekin, indarkeriarekin edota erahilketekin zerikusia duten euskarazko hitzak eramanez. “La difusión envenenada del euskera” deitzen dio Genoveva delakoak aipatutako fenomeno honi: “hemos incorporado a nuestro vocabulario –“nuestro” hori gaztelaniazko hiztunei zuzenduta dago, noski- gran número de palabras en vascuence, pero la mayoría de ellas relacionadas con el odio, la violencia y el crimen”.
Zeintzun dira berba horiek Genoveva-ren aburuz? Idazleak bi bakarrik aipatzen ditu: “Borroka” eta “Txacurra” (sic).







