Synthia-ren etorrera dela eta ondorio larriak gerta zitezkeela esana ziguten, agintari eta komunikabideek, azken egun hauetan. Gomendioak ere ez dira falta izan: etxetik ez ateratzea hobea zela kalerik kale ibiltea baino. Ahal dela, kotxerik ez hartzeko. Plaza zabaletatik ihes egiteko eta ondasun mugikorrak ondo lotuta uzteko. Hainbeste aldiz izan digute kontuz jokatzeko… beldurra ere sartu egin digute gorputzean. Ikusitakoak ikusita, inor ez baita naturaren zorabioak har dezakeen norabideaz fidatzen. Eskura genituen prebentzio-neurri guztiak hartu ditugu. Itsasertzean, bereiziki, ateak itxi, lehioak lotu, berebilak garajean sartu eta eskaparateak egurrez estaldu ditugu.
Atzo arratsaldean, denok ibili gara arretaz eta artega haize-dunbadarik indatsuenak noiz joko. Baina orduak aurrera egin eta… iragarritako ekaitza ez zen inondik ere somatzen. Itsasoa, olioa bezain mantso eta lehun zegoen. Eta haizeak noiz behinkako erasoak egiten zituen arren, ez zirudien apareko haserrearekin zetorrenik.
Azkenean, iluntzean baino gaunean, etorri da etorri zorioneko ekaitza. Baina ez du ematen horrenbesterakoa izan denik. Izan dira, bai, han eta hemengo kalteak; suertatu da, baita ere, zaurituren bat edo beste baina, oro har, negun maiz-sarri izaten ditugun ekaitz horietakoa izan dela ematen du. Hobeto horrela. Bestela ere badaukagu kezkatzeko arrazoirik eta.