Gaur goizean, Bilbo erditik nenbilela, Mungiako lagun batek esan dit: «Bermiotar bat dago Abijanen, hango gerratearen erdian». Ez dut esaldia ulertu. Edo zehatzago esateko, ez dut ondo ulertu esaldi horretik zer esan nahi zidan. Baina bermeotar bat Abijanen egotea hain arraroa ez denez, eta une horretan nahiko presaka nenbilenez, erantzun honekin itxi dut elkarrizketa: «Bat bakarrik? Hori ez dok berria gizona! Abijaneko portuan, bermeotarrak, Bilboko portuan baino ezagunagoak dozak».
Eta egia da. XX mendeko 50 hamarkadaren amaieran, Bermeoko baxurako ontziak Kantauriko itsasoa utzi eta Atlantikoko ur tropikaletara atun bila joaten hasi zirenean, sartaldeko Afrikako hiru portu nagusi hartu zuten babesleku: Dakar, Freetown eta Abijan. Hori dela eta, hiru izen horiek izen ezagun-ezagunetan bihurtu ziren bermeotarren artean. Orain, komunikabideen eragina dela eta, edozeinek ezagutzen ditu hiri horiek. Baina sasoi haietan, duela berrogeita hamar urte, jende irakurriak eta ibiliak bakarrik zekien hiri horien berri. Bermeon, ordea, umeentzat ere ezagunak ziren; batek ez bazen besteak, aita, osaba ala anai nagusia, Dakarren, Freetownen ala Abijanen zeuzkalako. Monrovian ere bai, egia da, baina herri honen izena ez zen horren beste entzuten nire gaztaroko bermeotarren ahoan. Nik hala gogoratzen dut behintzat.