Post honekin, Bermeoko EAJren historioan, garrantzia berezia, paper nabarmena edota aparteko ospea izan duten andra-gizonen biografia-kate bat hastera noa. Izan ere harrobi emankorra izan da Bermeoko herria abertzaletasunaren sorreran eta abertzaleen sorketan. Hasiera-hasieratik izan da horrela. Eta norbaitekin hasi behar denez, herriko lehen batzokiak izan zuen lehenbiziko lehendakariarekin hastea erabaki dut: Benantzio Goitia Astorekarekin hain zuzen.
Benantzio Goitia Astoreka; bere bizitzari buruzko zertzeladak
Bermeoko semea zen Benantzio, bertan sortu baitzen 1852ko apirilaren lehenean. Felix Goitia Telletxea eta Frantziska Astoreka Lotina izan zituen gurasoak; 1848ko apirilaren 27an, Bermeon ezkondutako senar-emazteak. Hainbat seme-alabak osatu zuten Felixek eta Frantziskak sortutako Goitia-Astorekatarren familia. Benantzioren ostean, Paula (1854) Teresa (1856) Dorotea (1860), Anizeto (1863) eta Rosario (1868) jaio ziren gutxienez. Denak Bermeon, jakina.

Benantzio Goitia Astoreka, Batzoki Bermeotarra-ren lehen lehendakaria (Joseba Agirrezkuenagak emandako argazkia)
Ogibidez, itsas-gizona izan zen Benantzio; merkataritza untzietako pilotoa. Itsastarren leinukoa izaki, aita ere marinoa zuen. Ikasketak amaitu eta gero, nabigazio-egunak osatzen ibili zen, urteetan zehar, itsasoz-itsaso. Oraindik gaztea zela, Jose Antonio Olano, Ramón Larrinaga eta Juan Bautista Longak 1862. urtean sortu zuten Olano, Larrinaga & Co. sozietatean hasi zen lanean eta Liverpool-era joan behar izan zuen Ingalaterrako hiri honetan kokatu baitzen sozietate berriaren egoitza nagusia. Haatik, ordezkari bidez ezkondu zen 1879ko maiatzaren 29an Maria Inazia Portuondo Garmendia bermeotarrarekin. Eleizako arzipresteak sinatutako aktak esaten duenez:
«…desposé y casé por palabras de presente […] por medio de procurador a Don Venancio de Goitia, piloto, soltero, natural y feligrés de esta, residente en la actualidad en Liverpool, de veinte y seis años de edad, el cual confirió poder bastante en la ciudad de Liverpool el diez y nueve de de abril último ante el cónsul de España O. Berástegui, a favor de don Bonifacio de Portuondo, comerciante, natural y feligrés de esta […] y a María Ignacia de Portuondo, soltera, de veinte y tres años de edad, natural de esta»
Ezteiak ospatu eta hamar hilabetegarrenean (1880ko martxoaren 28an) jaio zitzaien lehen semea, Ruperto. Bere atzetik etorri ziren Benigno Benantzio (1883ko martxoaren 22an), Amalia (1887ko apirilaren 17an), Ebaristo (1891ko urriaren 27an) eta Maria Juliana (1893ko urtarrilaren 11an). Guztira, bost seme-alaba izan zituen bikoteak. Baina azken alaba jaio ostean gaixotu egin zen Maria Inazia eta, handik denbora gutxira, bizia galdu zuen, Benantzio alargun utziz. Alarguntzak, nolanahi ere, ez zuen asko iraun. 1894ko urtarrilaren 8an, hildako emaztearen ahizparekin ezkondu zen Benantzio: Ines Portuondo Garmendiarekin, hain zuzen ere.
Benantzio eta Maria Inaziaren bi alabak, Amalia eta Maria Juliana, XIX mendea bukatu baino lehen hil ziren. Hiru semeen ardurapean gelditu zen, beraz, leinuaren jarraipena ahalbidetzea.

Benantzio Goitia Astoreka, jesarrita, bere bigarren emaztearekin ete hiru semeekin: Ruperto, Benantzio eta Ebaristo. Irudiaren eskuman ikusten dena, Benantzio Goitia Portuondo da.
Hauen artean, aitaren izen berdina zeukan Benantzio Goitia Portuondo nabarmenarazi dezakegu, EAJren Bermeoko historian jokatu zuten paperaren ikuspuntutik. Izan ere, aita legez, Benantzio Goitia semea ere pertsonaia garrantzitsua izan zen herriko jeltzaleen taldean. Aitaren bide berdina jarraiki, EAJko militante zintzoa eta sutsua izan zen bera ere. Eta aita Batzoki Bermeotarra-ren lehenbiziko lehendakaria izan bazen, semea, berriz, Bermeoko uri buru batzarreko presidentea zen, 1934. urtean, batzoki berria -gaur egunean ere batzokia den eraikina- egin, zabaldu, inauguratu eta bedeinkatu zenean. Gertakizun jakingarria, izan ere. Une horretan, batzokiari eusten zion sozietatean, 60 obligazioren jabea zen Benantzio Goitia semea.
Baina utz dezagun semea eta itzuli gaitezen berriro aitaren biografiara.
Esan bezala, zeregin garrantzitsua bete zuen Benantzio Goitiak EAJak Bermeon eman zituen lehenbiziko urratsetan. Aipamen berezia merezi duen zeregina: bera izan zen Batzoki Bermeotarra-ren aurreneko lehendakaria. Edo beste era batera esanez, bere lehendakaritzapean eratu zen Batzoki Bermeotarra, 1899 urtean.
(más…)
Read Full Post »