Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for enero 2014

Banketxeko lanetatik herriko udal politikara

II Errepublikan zehar Bermeoko alkatetzan denborarik gehien iraungo zuen Martzelino Monasterio Anduiza jeltzalea, Bermeon jaio zen 1901ko urriaren 8an. Gurasoak, Bittorio Monasterio Intxausti eta Aszension Anduiza Bilbao izan zituen. Martzelinoren ostean -bera izan baitzen neba-arreben artetik zaharrena- beste hainbat seme-alaba izan zituzten senar-emazteek: Bittor, Jose Migel eta, gazteena, Ciriaco, besteak beste.

1919ko urriaren lehenean, hemezortzi urte zeuzkala, Banco de Vizcaya-ko Bermeoko bulegoetan hasi zen lanean  eta bertan burutu zuen 1936ko guda zibilera arteko ibilbide profesionala. Banketxean, langile porrokatua eta eraginkorra izan zen une oro. Zintzoa, zorrotza eta arteza diru-kontuekin. Eta horrez ganera, esan onekoa; bezeroari harrera ona ematen dakiten horietakoa. Lanean pilatutako merituak aitortuz, 1933ko urtarrilaren lehenean, bulegoko zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan ere lan oparoa eta emankorra egin zuen. Behin, banketxeko idazkari nagusiak lau hitzetan egiaztatu zuenez, «habiendo desempeñado su cometido a completa satisfacción». Frankistek auziperatu zutenean, Bermeoko Falange-ko ordezkariek ere, langile ona eta arteza izan zela aitortu behar izan zuten. Nahiz eta jeltzalea izan, jakina. Horrela zioten behintzat, 1936ko guda zibilean, Sanandereko epaile militarrari bidali zioten gutunean:

«Colocado desde muy joven como empleado de la Sucursal del Banco de Vizcaya en Bermeo, sus aptitudes, honradez y simpatías le llevaron a ocupar el cargo de Director Gerente de la citada sucursal, que lo ha desempeñado a completa satisfacción».

Adina heldu zitzaionean, Karmen Zubimendi Beltran de Guevararekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituen berarekin. Horietatik bost, Bittor, Felipe, Carmen, Aurea eta Agurne, gerra aurretik jaio ziren. Bermeon, beraz. Gazteena, berriz -Aurea izenekoa- gerra ostean munduratu zen; 1941an hain zuzen ere.

Politikaren esparruan, Martzelinok ez zuen jardun berezirik izan harik eta II Errepublika etorri arte. Orduan azaldu zuen bere sen politikoa eta erabaki zuen EAJko bazkide egitea. Frantzisko Basterretxearen jeltzale beteranoaren eraginez emango zuen urrats hori, seguru asko, Banco de Vizcaya-ko lankideak baitziren biak. Hala ere, Juan Bustinza alkate frankistak, zera idatzi zuen berari buruz: «era exaltado miembro del Partido Nacionalista Vasco».

Banketxeko langilea izaki, militante gisa onartzeaz ganera, Alderdiaren kontabilitateaz eta diru-zaintzaz arduratzeko aukeratu zuten Bermeoko jeltzaleek. Horrela, 1931ko apirilaren 1ean, Primo de Ribera-ren diktadura ostean, EAJren Bermeoko Uri Buru Batzarra berriz eratu zenean, Tesorero-Contador kargurako izendatu zuten bazkideek. Eta hori gutxi balitz, udal-hauteskundeetarako zerrendan sartu zuten baita ere. Orduan, orain bezalaxe, diruaren kudeaketan eta administrazio lanetan ohituta zegoenak, abantaila nabarmenak zeuzkan, udal batean arrakastaz jarduteko.

Udal berria eratu eta gero, 1931ko ekainaren 9ko Osoko Bilkuran, Ekonomiako batzordearen buru izendatu zuten zinegotziek. Horixe izan zen, beraz, bere lehen ardura publikoa udalaren baitan. Geroago etorriko zen alkatetza.

Marzelino Monasterio (ezkerrean) bere bi anaiekin: Jose Migel (eskuman) eta (erdian)

Martzelino Monasterio (ezkerrean) bere bi anaiekin: Jose Migel (eskuman) eta Ciriaco (erdian)

(más…)

Read Full Post »