Igandean -nola ez!- Bermeon izan ginen. Bizkaiko Ikastolen Federazioak antolalturiko aurtengo Ibilaldian. Jaiak, solasaldiak, euskararekiko atxikimenduak eta kirolarekiko maitasunak bat egin ohi dute, urtean-urtean, Ibilaldia-ren ospakizunetan. Aurten ere horrela izan da, jakina. Aurten ere, urte guztietan bezalaxe, zahar eta gazteak, irakasle eta ikasleak, nagusi eta txikiak, guraso eta seme-alabak, nahastuta ikusi ditugu, alai, pozik, itsas-haize kresaltsuaren eraginpean, jaiari dagokiona ematen eta, hasi berria dugun XXI mende honetan ere, euskaraz bizi daitekeela erakusten ematen.

Bermeoko Alkatea eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin ekitaldi ofizialaren hasieran
Zorionak eman behar zaizkie Eleizalde ikastolako arduradunei, jaiaren antolakuntzan izan duten arrakastarengatik. Egitarauetan iragarritako guztia aurki zitekeen, artez, txukun, bere lekuan eta bere orduan. Zer eskatu daiteke gehiago sasoi korapilatsu hauetan? Beste alde batetik herritarrek ere laguntza paregabea eman diote antolatzaileei helburu hori lortzeko bidean. Bermeoko herri guztia ikusi dut, era batera edo bestera, lan egiten, laguntzen, edota ekitaldietan parte hartzen. Ildo horretatik, herri guztiaren jaia izan dela, esan daiteke, aurtengo Ibilaldia. Ikastolearena ez ezik, herri guztiak bere jaitzat hartu izan duen jaia. Leolak berak ere Bermeoko hizkeratik hartutako esamoldeak josi ditu mezu esanguratsuan: Maria goran, kikun behera. Urak gora datozen honetan -euskararen urak, heziketa konprometituaren urak, euskal-kulturaren urak, herri-ekimenaren urak…- bete-betean murgildu behar dugu itsasoan, gu geu ere gora eta gora datorren mogimendu horretan partaide eginez.
(más…)
Read Full Post »