Gaur arratsaldean, mitina daukagu Bermeoko frontoian. Hori dela eta Iñaki Anasagastik argazki bat atera deust bere agortuezineko artxibo marduletik. Orain 33 urte, leku berean, frontoian, EAJ-k ospatu zuen mitin bateko irudia ikusten da bertan. Konstituzioaren erreferendumaren aurreko kanpainan ateratako argazkia da itxura guztien arabera. Horman zintzilik ikusten diren paperek «abstentzioa» eskatzen baitie botoemaileei. Beraz, 1978ko abenduan, ateratako argazkia da, gogoratzen ez duenarentzat. Esan bezala, laster beteko dira 33 urte.
Ikusten denez, Anton Ormaza dago tribunatik berbetan. Eta mahaian, jesarrita, sasoiko beste jelkide batzuk. Gillermo Elgezabal –Ginbo- ikusten da eskuman. Bere ondoan, Iñigo Agirre diputatua. Eta erdi-erdian, Amaya Gaztelu.
Sasoi hartan, sinbologia argia erabili ohi zen, ekitaldi politikoen bukaeran kanta abertzaleak –Eusko gudariak gara, Aupa gizona jeiki mutil, eta horrelakoak- abesten zirenean. Ezkerreko jendeak ukabila jasotzen zuen eta ikurriñaren ondoan, bandera gorria erakustea zuen gustoko. Gorria baino, sobietarra: mailu, zerra eta guztiarekin. Berlingo arresia erori gabe zegoen oraindik eta, gezurra dirudien arren, asko ziren, alde honetan, beste aldekoen bizimodu goxoaz, eredukorraz, eta justiziaz beteaz hitz egiten zigutenak. Jelkideek, berriz, ikurriña eramaten zuten -ikurriña bakarrik; inola ere ez bandera gorririk- eta beso jasotzen zutenean, ez zen ukabila erakusteko, erdiko eta zuzeneko atzekin irabazpenaren V-a egiteko baino. «Irabaziko dugu» adierazi nahi zuen keinu horrek. «La V de la victoria» deitzen genion.
Asko aldatu dira gauzak harrez gero. Argazkian agertzen diren batzuk -Anton Ormaza eta Ginbo, esate baterako- joan zitzaizkigun betiko. Baina ideia eta baloreak ez dira hain erraz aldatzen. Eta hortxe dirau Amaya Gaztelu, 33 urte geroago, betiko pentsamolde eta printzipioekin. Lehen bezala, orain ere Euskadi askea gizon eta emakume askeez bakar-bakarrik osatu daitekeela aldarrikatzen du. Eta lehen bezala, gaur egunean, badaki jakin, balore horiek nekez defendatu daitezkeela ukabilaren sinboloak berarekin dakarrenarekin.
Kontua da, argazkiko mitin hartan V-a modurik sutsuenean erakusten ibili zen bat baino gehiago, ukabildunekin nahastuta -ala euren menpean?- agertzen zaigula gaur egunean.