Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 15 de mayo de 2011

Domeka goizean Elorrixon egon ginen. Askotan ikusita ere artezalearen begiak ez dira inoiz Elorrixoko kaleek bisitariari erakusten dioten harrien eta eraikinen sinfoniaz nekatzen. Lariz jauregiaren ondoan utzi nuen kotxea, eta elizaren plazan izan genuen mitina. Txoko ikusgarriak biak. Gogoangarriak. Baina ez da gutxiagorako EAJ-k Elorrixoko aurkezten duen hautagaien zerrenda. Andra eta gizon, helduagoak eta gazteagoak, ezagunagoak eta berriak, bat egiten dute Elorrixoren etorkizunera adi osatutako talde horretan. Denen izenean, zerrendaburuak, Ana Otaduik berba egin zigun azkenengoko lau urteetan, oposizioan izanik ere, udal gobernuari egin dizkioeten ekarpenak aipatuz eta datorren legealdiari begira karteran dauzkaten asmoen berri emanez. Emakume zintzoa da Ana. Langilea, arteza eta leiala. Bigarren eskuko kotxea bete-betean erosi dakiokeenaren horietakoa. Prestakuntza ere sendoa dauka. Berehala nabarmentzen da hori berarekin hizketan jardunez gero. Eta esperientzia ere ez zaio falta. Egokia eta aproposa dauka herriko alkatetzaz arduratzeko.

Ana Otadui Elorrixoko plazan bildutakoei hitz egiten

Talde baliotsua dauka Anak bere atzetik. Elorrixoko udalaren ardura hartuz gero herriari bultzkada izagurria emateko gai den taldea. Denak dira aipatzeko modukoak baina ezin dut talde hori osatzen dutenen arteko pertsona bat bereiziki aipatu barik utzi. Juan Jose Pujanaz ari naiz, noski. Eusko Legebiltzarreko lehenbiziko presidenteaz. Euskalzale porrokatua da Pujana eta kultura klasikoan oso aditua. Lan oparoa egina dauka Greziarren filosofia politikoa euskaratzen. Abertzalea ere betidanik izan da, jakina. Garai batean, EAJ zatitu zenean, EA-ko kidea ere izan zen. Baina EA-ren azken denboretako norabidea ikusita -nire lagun batek, ironia punttu batez, noski, EA-ren neokomunismoaz hitz egin ohi du, bere buruzagiak ukabila jasota La Internacional abesten ikusi zituenetik- bertan behera utzi du alderdia eta EAJ-ren esparrura itzuli da berriro. Ez da bide hori egin duen pertsona bakarra. Santurtzin eta Bermeon ere batek baino gehiagok eman du urrats berdina. Itzal handiko pertsona da Pujana Elorrixon eta Anak burutzen duen zerrendari babes zabala ematen dio.

Read Full Post »