Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 20 de mayo de 2011

Gaur goizean Lekeitioko bidea hartu dugu Pedrok eta biok. Bertako alkatea, Jose Mari Cazalis, zerrenda indartsu baten aurrean aurkezten zaigu berriro, azkenengoko zortzi urteetan udalaren buruan egin duen lan oparoarekin jarraitzeko asmoarekin. Gogotsu, beragan ohikoa denez. Egitasmoz bete-beterik. Ilusioz ganezka. Eta -bizi ditugun egunokaz oso garrantzitsua dena- umore ona galdu barik. Dramak albo batean utzita. Seriotasunez hartu behar denari muzin egin barik baina, aldi berean, barre apur bat egin daitekeenean ere aukera hori baztertu barik.

Lekeitioko hautagaiekin batzokiaren ondoan

Zentzuzko gizona da Cazalis. Argia eta trebea. Oinak lurrean ditu baina inoiz ez zaio Lekeitiorentzat ametsik falta. Horregatik eman ahal izan du horren beste urrats alkatetzen izan den bi legealdietan. Oinak lurrean izanik ibilten ondo dakielako. Eta ametsik falta ez zaionez, pausoak noruntz zuzendu behar dituen argi ikusten duelako. Hirugarren legealdira aurkezten da oraingoan konpromiso argi batekin: errekurtso eta baliabide guztiak Lekeitioren zerbitzura jartzea, bai udaletik bertatik eta baita EAJk gobernu erantzukizunak dituen gainerako euskal erakundetik ere. Esan beharrik ez dago euskal erakundeetatik kanpo ere badakiela Cazalis-ek baliabiderik lortzen. Kongresuan dihardugun diputatuok ez dugu euskal erakundeetan lan egiten baina sarri hartzen ditugu Cazalis-en telefono deiak, Lekeitiorentzat hau, hori ala bestea eskatzeko.

Goiz ederra igaro dugu Lekeitioko kaleetan zehar, Jose Mari Cazalis-ekin ez ezik, Mertxe Zabala, Julen Ajuria, Jone Goitia eta zerrendako beste lagunekin. Arrantzale eta marinel izandako gizon piloa agurtu dugu nasa ganean pasiatzen edota portuko tabernetan eguerdiko txikitoa hartzen. Baxuran, arrastean eta atuneroetan ibilitako patroi bat baino gehiago agurtu dut. Lekeitio, Bermeo legez, itsasoari estuki lotutako herria da. Murelaga astilleroko ugazaba izandakoa ere hantxe zebilen, lagunekin berriketan. Nire aitarekin soldakuzkan ibilitako bat ere agertu zait.

Besarkada estua guztiei eta sorte ona izan.

Read Full Post »