Larunbat goizean Sabin Etxean antolatu zen ekitaldian egon nintzen. Goizeko euripean heldu nintzen Albiako lorategien ingurura. EAJ-ko blogariok ekitaldi erakargarri batera deituta geunden bertan. Komunikabideen, ikusentzuezkoen eta sarearen teknologien munduan dabiltzanentzat ekitaldi interesgarria zen. Minutu bateko bideoan zer esan edota erakus daiteke Euskadiri buruz? Bideo lehiaketa bat antolatuta zegoen lelo horrekin. Eta lehiaketaren sariak banatzekoak ziren Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbao. Bilbo 360º izenburuko batek irabazi zuen saria. Bilboko auzo eta lekurik nabarmenetatik buelta osoa ematen zuen ganberak, leku bakoitzean buelta osoa ematen zuen neska gazte baten eskutik. Biak ere, ganberak eta neskak, 360º emanez.
Gero, jakina, Bermeora abiatu nintzen, arrain azokaren jaira. Hain da ugaria bertan batzen den jendea eta sutsua jendetza horrek agertzen duen jairako gogoa, Bermeon, udaberriko arrantzale eguna deitzen diote askok Arrain azokako larunbatari. Aurten ere horrela izan da, jakina. Bokarta zenbat gura jateko aukera izan dugu -XVII edizio hau bokartari eskainia zen- eta nahi izan duenak, gaueko orduak arte txokoan zein tabernatan lagunarteko giroan igaroteko aukera ederra izan du. Beti da gauza goxoa, udaberrian, udako zurrunbiloa hasi baino lehen, aspaldiko lagun eta adiskideekin topo egitea, batak bestearen berri jakiteko. Hauteskundeei buruz galdezka izan ditut asko eta asko. Modako gaia, noski. Alboratu ezina. Alexander Latxaga Aralar-ek Bermeoko alkaterako aurkezten duen hautagaia ere hantxe zebilen, batera eta bestera zebilen jendetzaren artean, lekutxoa zabaldu nahian. Igandeko hauteskundeetan gertatuko zaionaren metafora. Madriletik nola gabiltzan ere galdetu didate beste batzuk. Betikoa. Ondo. Gu beti ondo. Hain ondo ez gabiltzanean ere, beti ondo. Aurten 51 urte betetzen dugunon jaia ekainaren 4an izango dela esan didate. Ea joango ote naizen. Ikusiko dugu…
Txokoan bazkaldu, telebistan Olaizola eta Iruxoren -ez oruxo gure arteko batek esaten zuenez- pilota partidua ikusi, kanta batzuk abestu, jai egunetan ohikoa denez egungo egoerari buruzko elkarrizketa dramatikoetan murgildu -horrelakoak ere parte bat izan dugu oraingoan- eta etxera.