Astelehen honetan Ugaon izan gara diputatu jeltzaleok. Astean astean plenoan eztabaidatuko diren gaiak aztertu eta prestatzeko egin ohi dugun batzarra ospatu dugu bertan. Eta batzarra amaitu ostean, alkatesarekin, Izaskun Ladandiarekin eta beste hiru zinegotzirekin bildu gara Ugaori buruz hitz egiteko. Bilbotik oso gertu dago Ugao. Eta abantaila handia da hori herri txiki batentzat, herritarrei hiri handiaren zerbitzu, eskaintza eta posibilitate guztiez gozatzeko aukera ematen dielako.
Baina kokapen geografiko horrek, baditu eragozpenak ere. Nabarmenena, zera da: bideko herria dela Ugao. Bidearen erdian dagoen herria, alegia. Erdi aroan, Bilbotik Gaztelara zijoan bideak zeharkatzen zuen Ugaoko etxe-multzoa. Eta saroi haietan, bidean egoteak ekarri ohi duen abantaila guztiak zeuzkan herriak: merkatarien igarotzea, salerosketen bizitasuna, ibiltarien eragina, eta abar. Gaur egunean, ordea, abantaila horiek oztopo bihurtu dira neurri handi batean. Zergatik? Herria, 6-68 autopistaren eta Renfeko trenbidearen artean preso bezala gelditu delako. Eta bi biak ere -autopistak eta trenbideak- herritarrentzat jasanezinak diren enbarazu, zaratak eta durrunbadak sortzen dituztelako. Arazo horietaz jabetzeko deitu digute eta -ahal dugun neurrian behintzat- irtenbideak bilatzen laguntzeko.
Lehenago ere ibili izan gara ibili, batzuekin eta besteekin hitz egiten, autopistak sortzen duen zarata hori apaltzeko bideak urratu nahian. Baina honegatik ala besteagatik, ezin izan ditugu helburu guztiak bete. Haatik, oraingoan ere, bide berdinetik jarduteko konpromisoa hartu dugu. Ikusiko dugu zer, noiz eta nola egin dezakegun Ugaoko biztanleei eguneroko bizimodua erosoago egiteko.
A ver si conseguís insonorizar la autopista. Es un coñazo para el pueblo. Animo, Josu. Lo estáis haciendo muy bien.