Post honekin, Bermeoko EAJren historioan, garrantzia berezia, paper nabarmena edota aparteko ospea izan duten andra-gizonen biografia-kate bat hastera noa. Izan ere harrobi emankorra izan da Bermeoko herria abertzaletasunaren sorreran eta abertzaleen sorketan. Hasiera-hasieratik izan da horrela. Eta norbaitekin hasi behar denez, herriko lehen batzokiak izan zuen lehenbiziko lehendakariarekin hastea erabaki dut: Benantzio Goitia Astorekarekin hain zuzen.
Benantzio Goitia Astoreka; bere bizitzari buruzko zertzeladak
Bermeoko semea zen Benantzio, bertan sortu baitzen 1852ko apirilaren lehenean. Felix Goitia Telletxea eta Frantziska Astoreka Lotina izan zituen gurasoak; 1848ko apirilaren 27an, Bermeon ezkondutako senar-emazteak. Hainbat seme-alabak osatu zuten Felixek eta Frantziskak sortutako Goitia-Astorekatarren familia. Benantzioren ostean, Paula (1854) Teresa (1856) Dorotea (1860), Anizeto (1863) eta Rosario (1868) jaio ziren gutxienez. Denak Bermeon, jakina.

Benantzio Goitia Astoreka, Batzoki Bermeotarra-ren lehen lehendakaria (Joseba Agirrezkuenagak emandako argazkia)
Ogibidez, itsas-gizona izan zen Benantzio; merkataritza untzietako pilotoa. Itsastarren leinukoa izaki, aita ere marinoa zuen. Ikasketak amaitu eta gero, nabigazio-egunak osatzen ibili zen, urteetan zehar, itsasoz-itsaso. Oraindik gaztea zela, Jose Antonio Olano, Ramón Larrinaga eta Juan Bautista Longak 1862. urtean sortu zuten Olano, Larrinaga & Co. sozietatean hasi zen lanean eta Liverpool-era joan behar izan zuen Ingalaterrako hiri honetan kokatu baitzen sozietate berriaren egoitza nagusia. Haatik, ordezkari bidez ezkondu zen 1879ko maiatzaren 29an Maria Inazia Portuondo Garmendia bermeotarrarekin. Eleizako arzipresteak sinatutako aktak esaten duenez:
«…desposé y casé por palabras de presente […] por medio de procurador a Don Venancio de Goitia, piloto, soltero, natural y feligrés de esta, residente en la actualidad en Liverpool, de veinte y seis años de edad, el cual confirió poder bastante en la ciudad de Liverpool el diez y nueve de de abril último ante el cónsul de España O. Berástegui, a favor de don Bonifacio de Portuondo, comerciante, natural y feligrés de esta […] y a María Ignacia de Portuondo, soltera, de veinte y tres años de edad, natural de esta»
Ezteiak ospatu eta hamar hilabetegarrenean (1880ko martxoaren 28an) jaio zitzaien lehen semea, Ruperto. Bere atzetik etorri ziren Benigno Benantzio (1883ko martxoaren 22an), Amalia (1887ko apirilaren 17an), Ebaristo (1891ko urriaren 27an) eta Maria Juliana (1893ko urtarrilaren 11an). Guztira, bost seme-alaba izan zituen bikoteak. Baina azken alaba jaio ostean gaixotu egin zen Maria Inazia eta, handik denbora gutxira, bizia galdu zuen, Benantzio alargun utziz. Alarguntzak, nolanahi ere, ez zuen asko iraun. 1894ko urtarrilaren 8an, hildako emaztearen ahizparekin ezkondu zen Benantzio: Ines Portuondo Garmendiarekin, hain zuzen ere.
Benantzio eta Maria Inaziaren bi alabak, Amalia eta Maria Juliana, XIX mendea bukatu baino lehen hil ziren. Hiru semeen ardurapean gelditu zen, beraz, leinuaren jarraipena ahalbidetzea.

Benantzio Goitia Astoreka, jesarrita, bere bigarren emaztearekin ete hiru semeekin: Ruperto, Benantzio eta Ebaristo. Irudiaren eskuman ikusten dena, Benantzio Goitia Portuondo da.
Hauen artean, aitaren izen berdina zeukan Benantzio Goitia Portuondo nabarmenarazi dezakegu, EAJren Bermeoko historian jokatu zuten paperaren ikuspuntutik. Izan ere, aita legez, Benantzio Goitia semea ere pertsonaia garrantzitsua izan zen herriko jeltzaleen taldean. Aitaren bide berdina jarraiki, EAJko militante zintzoa eta sutsua izan zen bera ere. Eta aita Batzoki Bermeotarra-ren lehenbiziko lehendakaria izan bazen, semea, berriz, Bermeoko uri buru batzarreko presidentea zen, 1934. urtean, batzoki berria -gaur egunean ere batzokia den eraikina- egin, zabaldu, inauguratu eta bedeinkatu zenean. Gertakizun jakingarria, izan ere. Une horretan, batzokiari eusten zion sozietatean, 60 obligazioren jabea zen Benantzio Goitia semea.
Baina utz dezagun semea eta itzuli gaitezen berriro aitaren biografiara.
Esan bezala, zeregin garrantzitsua bete zuen Benantzio Goitiak EAJak Bermeon eman zituen lehenbiziko urratsetan. Aipamen berezia merezi duen zeregina: bera izan zen Batzoki Bermeotarra-ren aurreneko lehendakaria. Edo beste era batera esanez, bere lehendakaritzapean eratu zen Batzoki Bermeotarra, 1899 urtean.

Benantzio Goitiaren lehendakaritzapean sortu zen Batzoki Bermeotarra, argazkian ikusten den etxearen bigarren solairuan egon zen; hots, urte batzuk geroago «Credito de la Unión Minera» banketxeak bere egoitza jarriko zuen leiku berean.
Geroztik, hil arteko urteetan ere -1910ko urtarilan zendu zen- izango zuen, berriz ere, Benantziok, Bermeoko Uri Buru Batzarreko lehendakaria izateko parada. 1908. urtean, esate baterako, garaiko dokumentazioak erakusten duenaren arabera, batzokiko lehendakaria izan zen ostera ere. Baina sasoi horretarako, Bermeoko jeltzaleen egoitza lekuz aldatuta zegoen dagoeneko. Hasierako batzokia sortu eta bost-sei urte garrenean, handik oso gertu zegoen beste etxe batera eraman zuten herriko jeltzaleek alderdiaren egoitza. Goiko plazan zegoen hau ere. Bestearen aurrez-aurre, hurrengo argazkian ikus daitekeenez.

Bermeoko bigarren batzokia, ikurriñarekin apainduta, goiko plazan, Alfonso XIII erregea 1912. urtean Bermeora etorri zenean
Baina alderdiaren baitan ez ezik, erakunde publikoetan ere aintzindarien artean ibili zen Benantzio Goitia. Batzoki Bermeotarra-ren lehen lehendakaria izateaz haratago, bera izan zen baita ere EAJaren zerrendaburua, EAJak Bermeoko udalean lehenengo aldiz zinegotziak lortu zituen hauteskundeetan; 1899 urtean, gertatu zen hau ere.
Bermeoko jeltzaleen hasierako urratsak
Hasiera-hasierako abertzale bermeotarrak -Bizkaiako beste herri guztietakoak bezalaxe- lagun arteko topaketa eta bazkarien inguruan egin ohi zituzten euren batzarrak, solasaldi eta abesti saioen bitartez Arana-Goiriren mezu politikoa zabalduz. Kontuan izan behar da, une hartan, agintariek ez zutela abertzaletasunaren dotrina begi onez ikusten, eta eskura zeuzkaten traba eta oztopo guztiak jartzen zizkiotela alderdi jeltzalearen jardun normalizatuari.
Izan ere, arazo larriak izan zituen EAJak legeztatzea lortzeko. Eta bere dotrinaren arriskuaz oharturik, Guardia Zibilak bere begirada zorrotzaren azpian zeukan Sabin Arana fundatzailea. Estuki ikuskatuak zeuden bere mogimendu guztiak. Testuinguru horretan, irtenbide eraginkorra aurkitu zuten jeltzaleek, lagun arteko bazkarietan, abertzale mogimenduari bultzada sendoa emateko; mahai inguruko solasaldi xinple eta garbien itxura hartuz, bazkari haiek, debekatuta zeuden batzar politikoak egiteko aukera ematen zietelako.
Bermeoko jeltzaleek ere bazkariz-bazkari eman zituzten lehenbiziko pausoak. Legearen esparruetatik kanpo; ezkutuan. Badakigu jakin, esate baterako, 1896aren hasieran, Bermeoko jeltzaleek, Sabinek berak aginduta, bazkari bat izan zutela Aingeru Zabalarekin. Horrela esaten zion Sabinek, 1896ko martxoaren 3an Zabalari bidali zion gutun batean: “Recibida tu carta. Perdona no te la haya contesado antes. Recibida también la lista de los que asististeis a la comida de Bermeo. Estuvo aquí Ortube y nos dijo cómo en aquella villa esperaba mucha gente nuestra llegada”.
Aipaturiko eskutitz horretan, animoak ematen dizkio Sabinek Aingeru Zabalari, etorkizunean ere Bermeoko jeltzaleekin horrela jarrai dezan: lagun arteko bazkarien aitzakiarekin aberriarekiko maitasuna zabaltzen eta abertzaletasunaren ideia hedatzen. Berak -Sabinok- ezin izango zuela denetan parte hartu, baina abertzaleen bazkariekin jarraitu behar zela esan zion Zabalari:
“Sin embargo, debéis vosotros seguir reuniéndoos de vez en cuando en modestos banquetes con el fin de mantener vivo ese espíritu entre nuestros afiliados de más empuje, y de reavivarlo y desarrollarlo entre los epeles. Luis podrá asistir en mi nombre, pues es el segundo en el Consejo. No tengo necesidad de recomendaros dos cosas para esas reuniones: es la primera, que guardéis el mayor sigilo antes de celebrarlas y por consiguiente que sólo convoquéis a gente de absoluta confianza. Es la segunda, que durante el banquete y después de él, evitéis, como habéis hecho hasta aquí, que el enemigo halle la ocasión que busca para saciar su odio”
Batzoki Bermeotarra-ren eraketa eta inaugurazioa, 1899ko udaberrian
Azkenean, 1899 urtean, ezkutuko ahaleginetan hamaikatxo arazo eta zailtasun iragan eta gero, Bermeoko herrian batzokia zabaltzea erabaki zuten jeltzaleek: Batzoki Bermeotarra. Sabin Aranak berak idatzi zituen, bere eskuekin, batzoki berriaren estatutuak. Eta azpimarratu beharrekoa da, estatutuak irakurriz gero, elkarte politiko batenak baino, astialdia, jolas eta denborapasa garbiekin emateko helburuarekin sortutako elkarte batenak ematen dutela. Argi asko erakusten ematen du horrek, alderdi berriaren dotrina politikoa, bada ez bada ere, agintarien aurrean ezkutatu beharra ikusten zutela oraindik herriko jeltzaleek. Abertzaletasuna, pekatu larriaren hurrengoa izan zitekeen agintarientzat. Eta hauen susmo txarrak ez piztearren, elkarte berriaren helburu politikoak, «sociedad de recreo» xinple baten itzalpean kokatu beharra izan zuten.
Goiko plazako etxe batean kokatu zen batzokiaren egoitza. Martzelino Uranga Amilibia mutrikuarraren jabetzako etxe batean. Mutrikun jaioa zen arren Bermeora ezkonduta zegoen Martzelino Uranga. Eta bere semeetako bat, Amalio, Sabin Aranaren laguna zen. Lehen orduko abertzalea, beraz. Horrela ulertzen da Martzelinok jeltzaleei bere lokala dohan eskaini izana, alderdiaren egoitza bertan kokatu zezaten.
Baina herriko udalak, une hartan nagusi ziren jauntxo liberalen eraginez, eragozpen mota guztiak jarri zizkion batzokiaren zabaltzeari. Herriko agintariek batzokiaren zabalkundeari jarri zizkioten oztopoak eta horretarako burutu zituzten trabeskeria guztiak, zehatz era argi jaso zituen sasoi hartako -1899ko maiatzean argitaratutako- kronika periodistiko batek. Ikusiko dugunez, ospakizun-jaiari bertute guztia kentzeko ahaleginak eta bi egin zituzten, udal arduradunek: ikurriña batzokiko balkoitik kenarazi, inaugurazio-ekitaldiak galerazo, meza ospatzea eragotzi eta bolanderak botatzea debekatu.
Hona hemen aipatutako kronikak esaten duena:
“Bilbon Centro Vasco sortu dan legez, Bermeon bere soziedade bat sortu gura zan, euskerazko izenekoa, ezkara Pasiegoak-eta; Batzoki Bermiotarra dau izena. Batzoki edo Soziedade guztiek eukiten dabe banderea ta gure onek be bear eban; eta bandera gorri bat, erdian Bermeo-ko erriaren armak daukazana, da Batzoki onek daukana. Ortu santu edo obitegitik euskerazko letrerua atarateak Bermeo benetan maite dabenak irakiten ipiñi ebazan, eta atatik iaio zan, orain jauntxu edo caciqueen kriadu modura kontzejura doazenen ordez, beste kontzejal batzuk Bermeotar egiazkoak ataratea. Eta ¡¡itsututa egon dira!! Letrerua kentzea baino txarrago egin dabe: iñoren etxean, inor ezegoala, sartu ta banderea artu, ¿ostu esango dot ala ez?
Lengo domekan ezin idigi izan zan Batzokia, legeak diñozan egunak igaro edo pasau etzirealako; ata agaitik bazkaria Jose Anjel-enean izan zan. Nik (egia esan bear da) bazkaritarako baiño poz geiago neukan meza nagosirako. Banekian praile jaunari sasoiz eskatu jakela euren Eliza ederra, ta tximista ta juzturiak jausiko bazirean bere baietz erantzun ei eben. Ta azkenengo orduan ezetz. ¿Noz jazo ete da Bizkaiko Eleiza bateko ateak istea? ¿Erejeak ala protestanteak ala zer giñean, guri ukatuteko? ¿Bizkaiko politikoen artean ¿ete dago partidu bat, atzo emen izan zanak legez, estutasunera eldu ezketiño Elizearen alde gehiago egingo leukeanik? Geiago egingo leukeanik, bat bere ez…
Gero emengo kura edo arimazain biakana joan zirean, da onek, fraile jaunaak leku txarrean ez ipintearren, oba zala esan eutsen Eliza aretan ez funziñorik eukitea. Guztiak ontzat artu eben erabagi au ta Almikara joan giñean da eztogu damu. ¡Alango gauzarik! Ikusgarria zan a: bideak betean bana banako gizonak joiazan. Alango gauza bat ikustearren, munduaren azkanera joan leike. Bolanderarik botaten bere gure Alkatetxuak itxi ez, eta Mundakako lurretik bota bear izan zirean […]
Gero sartu giñean Eleizara. Etxat iñoz aztuko atzoko eguna ¿Zelanik etorten dira arrantzaleak, oiña non ipiñi eztakiela, antsobaz edo bokartez bete bete eginda datozanean? Alantxe gengozan atzo. Luzeegi izateko bildu naz ze osterantzean posarren esango neuskizuz bete mila gauza neuk an ikusiak.
Don Serapiñ Albizuri jaunak (len Almikako kura edo arima-zain da gaur Santa Mariako koajutore danak) euskera garbian berba egin euskun Eleizan meza-bitartean, da erakutsi eban euskaldunak antzina eukezan sinizte edo fedea ta ekandu edo costunbreak gaur biztu bear direala. Egi andiak esan euskuzan abade gazte euskaldun on onek, egi andiak. Gure egitadeak aren berbakaz bat egingo balira, zorionekoak gu”
Horrela sortu eta inauguratu zen Batzoki Bermeotarra. Herriko agintari liberalek jarritako oztopo guztiei ganetik eginez; herriko jeltzaleen adorea, borondatea eta ekimenari esker. Eta Benantzio Goitia Astoreka, jakina, batzokiaren sustatzaileen artean agertzen zaigu une orotan. Sustatzaile ez ezik, bera izan zen Batzokiaren aurreneko lehendakaria.
Baina gauzak ez ziren hain erraz bideratuko. Handik hiru-lau hilabetera -irailean, zehatzago esateko- gobernadore zibilak Batzoki Bermeotarra ezabatzea erabaki zuen, Espainiaren batasunaren kontra sortutako elkartea baino ez zela argudiatuz. Batzokiaren araudiak ez zuen horrelakorik adierazten. Aitzitik, elkarte berriaren xedea, bere kideen solasa eta astialdia modurik garbienean bideratzea eta ahalbidetzea zela aitortzen zuen soil-soilik. Baina agintariek bazekiten -ondo jakin ere- zertxobait estaltzen zuela aldarrikapen xume harek. Helburu politikoa ezkutatzen zuela. Espainiaren batasuna kolokan jartzen zuen helburu politikoa, hain zuzen ere. Eta Espainiaren batasunari eraso egitea -jakina- delitu larria zen garaiko legediaren arabera.
Horiek guztiak kontuan hartuta, Benantzio Goitia lehendakariari premiazko agindua eman zion, ezabatze-erabakia berehala bete zezan:
“En virtud de las atribuciones que me confiere el artículo 3º de la Ley de orden público de 23 de abril de 1870, y teniendo en cuenta que es público y notorio que la creación de ese Centro no obedeció ni obedece a otros móviles que a sostener y fomentar la propaganda, a fin de quebrantar la unidad nacional, he acordado que desde el día de hoy quede disuelto ese Centro”.
Are gehiago, herriko Alkateari, goiko plazan zabaldutako egoitza berria itxiarazteko agindua eman zion:
“poniéndose de acuerdo el Comandante del puesto de la Guardia Civil a quien también comunico con esta fecha las órdenes oportunas, proceda sin contemplación de ningún género a cerrar el Centro de que se trata, dándome cuenta seguidamente del cumplimiento de esta orden”.
Eta hori guztia gutxi balitz, zera agindu zion baita ere herriko Alkateari, honek, jeltzaleen kontra egiteko inoren akulukadarik beharko balu bezala:
“que de ningún modo consienta ni tolere manifestación ni reunión con el carácter de separatista, deteniendo a toda persona que infrinja las leyes y trate de perturbar el orden público”.
Horrez ganera, Benantzio Goitiari 100 pezetako isuna jarri zion gobernadoreak. Sasoi haietako 100 pezeta!!
Baina Goitiak ez zuen etsi. Eta hilabete batzuk igaro ondoren, berriz ekin zion batzokia zabaltzeko baimena eskatzeari. Eskatu eta baita lortu ere. 1900eko uztailaren 28an, gobernadore zibilak batzokia zabaltzeko baimena eman zion ostera ere Goitiari, baina baldintza zorrotzekin:
“concedo autorización para proceder a la reapertura de la disuelta sociedad de recreo titulada Batzoki Bermeotarra, advirtiéndole que no toleraré que cometan actos contrarios a la ley fundamental del Estado por que entonces se procederá con todo rigor contra sus autores”.
Oraingoan ere, jakina, agintariek emandako baimena ez zen betirako izan. Azaroan, beste behin itxi behar izan zuten batzokia jeltzaleek. Via Crucis galanta, benetan, erabat legeztatu arte jeltzaleek bizi behar izan zutena. Baina 1901ko martxoan, jarduteko baimena berreskuratu zuen berriro Bermeoko abertzaleen elkarteak. Eta kasu honetan, bai, zati baterako balio izan zuen baimenak.

Batzoki Bermeotarra-k Benantzio Goitia lehendakaria izan zen garaian -1908 urtean- idazkietan erabiltzen zuen menbretea
Lehen zinegotzi jeltzaleak Bermeoko udalean
1899ko urtea, garrantzitsua eta erabakikorra izan zen abertzaletasuna Bermeoko herritarren artean errotze- eta zabaltze-prozesuan, urte horretan, ikusi dugunez, herriko jeltzaleek, Batzoki Bermeotarra inauguratu zutelako, Benantzio Goitiaren aintzidaritzapean. Baina horrez ganera, beste gauza garrantzitsu bat ere gertatu zen urte horretan: udalera lehenbiziko aldiz sartzea lortu zuten jeltzaleek, maiatzeko hauteskundeetan lortu zituzten emaitzei esker. Eta horretan ere, ikusi dugunez, Benantzio Goitia bera ibili zen beste guztien aurretik.
Urtearen hasieran, hauteskundeen usainean, herriko jauntxoen eta hauek udalean zeuzkaten aginpekoen kontrako propaganda kanpainia zaratatsuari ekin zioten jeltzaleek. Arrazoirik ez zitzaien falta horretarako, jauntxokeriaren erpa zikinak nabarmen islatzen zirelako udalaren jardunean. Baina oraingoan, arrazoi berezia zegoen udaleko agintarien kontra egiteko: Alkateak, Ortube abizeneko herritar batek hilerriko bere familiaren panteoian jarri zuen euskaraz idatzitako harria kenarazi izana. Egindakoa egin eta gero, hartutako neurriaren larritasunaz ohartu ziren zinegotziak eta aitzakia bilatzen hasi ziren euren burua zuritu nahian: kendutako harria udalaren baimenik gabe ezarri omen zen. Baina aitzakia aitzaki, sartutako hanka barruan gelditu zen. Bermeo bezalako herri euskaldun batean, udalak euskaraz idatzitako kartel bat kenaraztea, hanka sartze izugarria baitzen.
Gauzak horrela, idazle anonimo batek –Tertzadun bat izenordearen atzean ezkutatzen zen batek- udalari zuzendutako kritika zorrotzak argitaratu zituen Azkueren babespean kaleratzen zen Euskalzale aldizkari euskaldunean.
Herriko jauntxoek haserre bizia hartu zuten kritika horien berri izan zutenean. Izan ere, argitara emandako lehena, kritikoaz ganera, sarkasmo zirikatzailez jositako artikulua zelako. Vidaechea abizeneko zinegotziari, erdalzalea zelako, Casa-camiño deitzen zion kazetariak. Gabantxo alkatearen kasuan, ordea, txikia zelako, txikitasuna nabarmenarazten zuen artikuluak, ikutu burlati eta humoristikoarekin. Eta zinegotzi errioxarrak, berriz, Pasiegotzat hartzen zituen. «Batzuk diñoenez -zioen artikuluak- gure Ayuntamentu edo Udaletxean pasiegu bi dagoz, benetako Jauntxu edo cacique izan gura dabenak; eta onek ei dauke Gabancho (andia be ezta koitadua-ta) sakel edo partikaran sartuta. Artezkari jauna: Bermeo-ko arrantzaleak eta osterantzeko gizonak onegiak gara. Pasiego bi, Casa-Camiño, Gabancho… ta besteren batzuk (onek bere egunen baten urtengo dabe argitara) dira gure agintari ta jaube. Guk paparrean bizarrik euki ezketiño, esango geunskio orrelakotxu orrei: Pasiego ¿con cuébano venir y mandar Bermeanos? A tu tierra vete á mandar«.
Gabantxo alkateari bertsoak eta guzti egin zizkion Tertzadun bat-ek:
«Ai Gabancho, Gabancho zara zu
kanerdiko takoia biozu
lurren ganian ikusteko, lurren ganian ikusteko,
Alkate osua izan biar badozu
Mendabala puzka dagoniak
ezta ikusten Gabancho mollian
orbela legez uretara, orbela legez uretara
Jausiko jaku iñok uste bagian»
Hain haserre handia hartu zuten kritikatuak izan ziren zinegotziek eze, Udalak kontsulta egin zion abokatu bati, kritika horiek egin zituen idazlea auziperatzerik ote zegoen galdetuz.
Zinegotzien haserrea, Tertzadun bat-en belarrietara heldu zen, jakina. Eta hurrengo artikuluan, areagotu egin zituen bere barre-burlak:
“Gabantxo, Casa-Camiño, Pasiego jaunak, ¿min egin deutsue nik barrezka barrezka egiñiko eskutitzak? Miñago egin deuskue, Bermeo zuek baiño maiteago dogunoi zuen erabagi zoritxarrekoak”
Urte horretako maiatzean, udal hauteskundeak izan ziren Bermeon. Legearen xedapenak jarraituz, udalbatzaren erdia berriztu behar zen. Eta EAJak, bere zerrenda aurkeztea erabaki zuen. Lehen aldiz gertatzen zen hori, ordura arte, jeltzaleek ez baitzuten Bermeoko udal hauteskundeetan parte hartu. Batzokiko lehendakaria, Benantzio Goitia bera aurkeztu zuen zerrendaburu. Eta emaitza izugarriak lortu zituztela aitortu behar da. Hausteskundeen aurretxoan, Tertzadun bat-ek argi asko iragarten zuen gertatu behar zena:
“Ille bi barru gure Ayuntamentutik erdia barriztatuko da ta orduan erakutsiko deutse Bermeoko erriak lau ta bi zeinbat direan gaurko jauntsuari, aberatsena eztalako kanposantutik Ortube-ren arria bota dabenai (permisoa atsakitzat ipiñita) aberatsen arri permiso bakoak aberatsenak direalako botaten eztabezanak. Bermeoko uria jauntsuen azpian eztago ondo; batez bere edo sobre todo jauntsu orrek ain itsuak edo kaskarrak direanean”.
Giroa ere aldez aurretik berotuta zegoenez, emaitza ederra lortu zuen jeltzaleen zerrendak hauteskunde hartan. Herria, euren alde jarri zen alajaina. Aukeratu behar ziren zortzi zinegotzitik, bost -erdia baino bat gehiago- jeltzaleentzat izan ziren. Eta Benantzio, batzokiko lehenbiziko lehendakaria zena, Bermeoko udalean lehenengo aldiz sartu ziren zinegotzi jeltzaleen taldeko nagusia egin zen baita ere. Berarekin bateran, honako hauek izan ziren aukeratuak: Lorenzo eta Benito Goitia Goienetxea -Benantzioren lehengusuak ziren bi hauek- Frantzisko Uribarri eta Sandalio Allika Zabala.
Euskaltzale aldizkariaren hilabete hartako aleak, Tertzadun bat-ek idatzitako bertsoak argitaratu zituen, herritarrek kalez kale kanta zitzaten. Kopla horiek, erreferentzia argia egiten zioten hauteskundeetan gertatutakoari eta etorkizun beltza marrazten zieten amarratsari eta bere taldeari; berandu baino lehen, batzokiko balkoitik dindilizka agertuko zirela -iragarten zien- abertzaleen trofeo gisa:
“Zortzi kontzejal
Barriztatutik
Bost-gaiño doguz geutarrak;
Beste irurak
Lopez-zaleak
Amarratsaren ltxarrakBatzoki baten
Balkoietatik
Saman amua dabela,
Amarratz ori
Urte bi barru
Dingilizka ikusiko da”
Euskalduna astekariak ere Bermeoko jeltzaleek hauteskunde haietan lortutako emaitzak txalotzen zituen, 1899ko maiatzaren 21eko alean:
“si el resultado de las elecciones en Bilbao ha podido demostrar las fuerzas con que cuentan los elementos vascongados en esta villa, no menos lo ha demostrado también en la no menos villa de Bermeo. El caciquismo gandarista, o lo que sea, venía enseñoreándose de aquél pueblo y había tomado tales proporciones que hasta negaron sus auxilios a los pobres marinos y pescadores en los días en que éstos tuvieron hambre. Estos se han vengado: no han votado al caciquismo y el caciquismo, a pesar de los pesares, ha obtenido de misericordia tres puestos de los ocho para los que se elegían concejales, mientras el partido vascongado, sin gastar ni un perro chico, ha obtenido cinco puestos”
Robustiano Elorrieta Bermeoko jauntxo liberalaren jarraitzaileak, tragedia negargarria bezala bizi izan zuten jeltzaleek hauteskundeak irabazi eta bost zinegotzirekin udalera sartu izana. Hain izututa gelditu ziren, irailaren 7ko udalbatzan -herriko jaien bezperan- abertzaletasunaren kontrako aldarrikapen erasokorra egin zuten, udalak abertzaletasunaren kontrako erabaki iraingarria hartzeagatik, mogimendu honek indarra galduko zuelakoan:
“condena indignada el bizkaitarrismo germinado en esta población y protesta solemnemente del espíritu separatista que viene inspirando aquella tendencia, considerándole como una desgracia perniciosa y una vergüenza abominable y declara que sólo un profundo sentimiento de amor patrio y de la fidelidad inquebrantable a la integridad nacional, puede conducirnos a la honrada y viril regeneración citando el concurso de todos los españoles para que podamos elevar el nombre de nuestra amada y desgraciada patria a la altura de las naciones más cultas y civilizadas”
Sabin Aranak ere poz handia hartu zuen Bermeoko udal hauteskundeetan lortutako emaitzekin. Itxaropena elikatzeko moduko emaitzatzat hartu zituen, erakusten ematen zutelako, Bilbon ez ezik, Bizkaiko beste herrietan ere aurrera zihoala bere dotrina politikoa, herriaren babesa bilduz, oztopoak gaindituz eta bideak urratuz. Aingeru Zabalari bidalitako gutun batean, honako hau esaten zion Bermeon gertatutakoari buruz: “Los pescadores de Bermeo se portan de veras”.
Hurrengo bi urteetan -udal hauteskundeak bi urterik bi urtera egin ohi ziren- Benantzio Goitiak eta beste lau zinegotzi jeltzaleek ondo zirikatu zuten alkatea eta bere taldea, oposizio-lan eraginkorra eginez. Baina 1901ko hauteskundeetan, urrats bat gehiago eman zuten. Beste lau zinegotzi lortu zuten, udalaren gehiengoa lortuz: 1899an lortutako bost zinegotziak eta 1901an lortutako lauak bedaratzi osatzen baitzuten, hamasei kideko udal baten, gehiengoa.
Alkaterik ez zuten lortu, alkatea, sasoi hartan, Madrilgo Gobernuak izendatzen zuelako, Errege Agindu bidez, eta kasurik gehienetan, izendapen hori, Gobernuan zegoen alderdi bereko zinegotzi batengan gauzatzen zelako. Baina udalaren gehiengoa kontrolatzea, lorpen itzela izan zen Bermeoko jeltzaleentzat. Eta ikustekoa da, benetan, gehiengo hartaz baliatuz zinegotzi jeltzaleek, luzaroan jauntxoen eskuetan izan zen udalaren jarduna zuzentzeko eta berbideratzeko egin zuten lan aparta. Bi urtetan zehar, izugarrizko tira-birak izan zituzten alkatearekin eta bere taldearekin, jauntxokeriaren eraginak urteetan zehar udalan barrena utzitako aztarnak garbitze aldera. Udalbatzaz udalbatza, jauntxoaren agindupekoek udal politika kontrolatzeko sortuak zituzten tresnak desegituratzeko esfortzu itzela egin zuten jeltzaleek. Iskanbilarik gehien sortu zuena, Escuela de Artes y Oficios izenekoa, egituraz eta joeraz aldatzeko egin zutena izango zen seguru asko, elorrietatarrek, eskola hortan baitzeuzkaten lanean, bere jarraitzailerik garrantzitsuenak.
Abertzaleen buruzagia izatearen ordaina: El Bermeano astekariaren zirikadak
Jeltzaleak urratsez-urrats hartzen ari ziren indarra ikusirik, elorrietatarrek -jauntxo liberalaren taldekoek, alegia- aldizkari bat argitaratzea erabaki zuten, propaganda eta komunikazio politikoaren bidez, herritarren artean abertzaletasunaren kontrako mezuak hedatuz, jeltzaleek urnetan lortutako babes elektorala ahultzen joateko. Horretarako sortu zen, hain zuzen ere, El Bermeano astekari famatua: Arana-Goiriren dotrinaren zabalkundea oztopatu eta EAJari eraso egiteko.
1901ko irailaren 8an kaleratu zuen astekari honek, bere lehen alea. Data berezia Bermeoko liberalentzat. Udal hauteskundeak, handik bi hilabetera ospatu behar ziren. Berehala. Eta jeltzaleek 1899ko hauteskundeetan lortu zituzten bost zinegotziak ugaritzeko arriskua somatzen zuten. Arrisku horri aurre egiteko erabaki zuten elorrietatarrek astekaria argitaratzea.
Ez zuten lehen helburua lortu, astekariaren eragina gora behera, jeltzaleek, 1901ko hauteskundeetan, udalaren gehiengoa lortu zutelako. Baina hurrengo bi urteetan -hots, 1902 eta 1903an- Bermeoko EAJari azpiak jateko hamaika ahalegin egin zuen liberalen organoak, abertzaletasuna erasoz, jeltzaleen udal estrategia erruki gabe kritikatuz eta zinegotzi jeltzaleen irudia zikinduz. Etengabeko pultsu indartsua izan zen, bi urte hauetan zehar, udaleko gehiengo jeltzalearen eta El Bermeano astekariaren artean.
Izan ere, astekari independiente gisa aurkezten zen El Bermeano -«Semanario independiente, defensor de los intereses generales de Bermeo», zioen bere portadako mantxetaren ondoko izenburuordeak-, baina ez da azkarregia izan behar, egiz eta benetan, aldizkari dinastikoa zela konturatzeko; liberala, zehatzago esateko eta espainiarzale amorratua; abertzaletasunaren arerio sutsua. Bere xede nagusia, esan bezala, Sabin Aranak plazaratutako mezu politikoari kritika iraingarriak zuzendu eta Abandoko semeak euskal aberriaren alde martxan jarritako mogimenduari eraso egitea zen.
Baina abertzaletasunari maila orokor eta ideolojikoan egiten zizkion kritikez haratago, Bermeoko jeltzaleen eta hauen zinegotzien kontrakoak ziren astekariaren zirikada eta erasorik gehienak. Borroka politikorako sortutako tresna bat zen, zalantzarik gabe. Eta euren helburu politikoak lortu zituztenean bakar-bakarrik erabaki zuten bere sortzaileek astekaria bertan behera uztea. Azken alea, 1905ko abenduaren 31an argitaratu zen. Jeltzaleak, 1903ko udal-hauteskundeetan, gehiengoa galdu eta 1905koetan -barne krisia bitarteko- kandidaturarik ez aurkeztea erabaki eta gero.
Jeltzaleei buruz hitz egiten zuenean, «La secta basoquitarra«; «el nefando basoquismo» eta antzeko esaldiak erabiltzen zituen. Denak, ikusten denez, mespretxuz jositako esapideak. Eta abertzale-mogimenduaren kontrako diskurtsoak ere, antologikoak ziren, benetan, astekari bermeotarrak erabiltzen zituenak. Hona hemen adibide bat:
“El bizkaitarismo de Bermeo nacido y amamantado a los pechos de la más abyecta degeneración, huele a podrido y sus deletéreos mismas trastornan la cabeza a sus juanchus (sic) y producen nauseas a los buenos bermeanos […] Cadáver putrefacto el bizkaitarrismo, lo enterraremos en el carro de la basura y tendremos muy buen cuidado de que sus despojos no se saquen a puntillazos para evitar el contagio mortífero de semejante plaga” (1902ko abenduaren 20ko alean);
Edo beste hau:
“El basoquismo, acumulación de todo lo reaccionario, suma de elementos autoritarios y retrógrados, la gran madrastra de la corrupción moral y de la ignorancia popular que alienta en el atraso más ruin y lucha en el impulso salvaje contra toda tendencia progresiva que El Bermeanismo, inspirado en las más nobles aspiraciones de engrandecimiento y de progreso, viene infiltrando en el sentido popular, constituye hoy el estado político de nuestro pueblo” (1903ko ekainaren 31koan).
Hona hemen hirugarren bat ere:
“El desquiciamiento de la clase pescadora, la persecución á la caridad cristiana, la anarquía en el régimen municipal, la desmembración en el patrimonio popular y como síntesis de una degeneración, la negación de la educación instructiva, el abandono criminal de la salubridad pública y la retro-gradación del progreso en la vida social con la perturbación y el odioso apasionamiento en el espíritu público, son los frutos que el contumaz basoquismo ha querido depararnos en su vergonzoso imperio” (1903ko uztaliaren 5ekoan)
Testuinguru honen baitan, irain zorrotzak eta eraso pertsonal eztenak zuzendu zizkion El Bermeano-k Benantzio Goitia jeltzaleen buruari. Ez berari bakarrik, jakina; beste zinegotzi jeltzale batzuk ere, ikusiko dugunez, ziztada ederrak hartzen zituzten astekariaren orrialdeetan. Baina Goitia, Batzoki Bermeotarra-ren aurreneko lehendakaria izan zen. Aintzindaria, benetan, eta itzal handiko buruzagia Bermeoko jeltzaleen artean. Ehiza pieza nagusia. Elorrietatarrek, haatik, ez zuten aukerarik galtzen, euren tresna mediatikoaz baliatuz, Goitiari ziria sartzeko edo berari buruzko satirak, barreak eta burlak eragiteko.
Kritika politikoa ere, jakina, ez zen falta astekariaren mezuetan; hots, Benantzio Goitiaren zinegotzi lana bertan behera uzten zuen kritika, bere irudi politikoa zinkintzeko helburuarekin. 1902ko udan, esate baterako, tira-bira tentsiotsuak izan zituen Benantzio Goitiak El Bermeano aldizkariarekin, honek zinegotzi jeltzalearen kontra argitaratu zituen salaketa batzuk direla eta. Udal-plenoan bertan ere ohiartzun zaratatsua izan zuten tira-bira hauek, elorrietatarren astekariak Benantzio Goitiaren zinegotzi lana kritikatzen zuelako.
1902ko abuztuaren 10eko udal-aktak ematen digu guztiaren berri:
«A instancias de Mariano Uribe se dio lectura de un artículo inserto en el número 49 del periódico de esta localidad El Bermeano correspondiente a este día, en el que con el epígrafe «Denuncia grave» y suscrito con el seudónimo de «Errosape» se dice que el concejal don Venancio Goitia ha expedido cuarenta y ocho reales correspondientes a otras tantas embarcaciones asistentes a la fiesta náutica de la Magdalena, siendo inferior a ese número el de los que obtuvieron derecho a dicho vale.
Don Venancio Goitia protesta de que se admita la denuncia del periódico, por no venir en forma debida. Don José Manuel Ispizua protesta también por tratarse de una denuncia anónima. Don Venancio Goitia explica la referencia que se hace en la denuncia diciendo que había extendido los vales por indicación del concejal don Julián Uriarte, que era quien le señalaba las lanchas que daban las bordeadas, añadiendo que un encargado de extender los vales en la fiesta referida en los tres últimos años le había hecho en todo ese tiempo atendiendo a las indicaciones de los concurrentes a las lanchas de las autoridades y confiando en su buena fe, por desconocer los nombres de los propietarios de las lanchas».
Baina eztabaidak ez ziren horretan gelditu. El Bermeano-k ekinean jarraitu zuen Benantzio Goitia zirikatzen eta abuztuaren 31ko udal-plenoan, hitza hartu behar izan zuen berriz ere zinegotzi jeltzaleak, astekariaren ezten zorrotzei erantzuteko. Hona hemen aktak horri buruz jasotzen duena:
«A instancias de don Venancio Goitia se lee un artículo inserto en el periódico «El Bermeano» de esta villa del veinticuatro del presente mes en el que se comenta desfavorablemente la conducta del exponente en la sesión del diez y nueve del mismo al discutirse la proposición referente al refuerzo que ha tratado a la banda de música municipal y al final del artículo dice que por referencia sobre el que escribe, que cuando votó dicho señor el acuerdo citado, una voz del pueblo gritaba ¡burro, borrico! El señor alcalde advirtió que en la sesión de referencia, si bien oyó voces, no entendió lo que se decía pues estas se dieron fuera del salón y en todo caso como cuestión de orden público el hecho era de su exclusiva competencia»
Astekariak, jakina, ez zuen etsi bere erasoan eta egun horretako alean bertan ere, 1902ko abuztuaren 31ekoan, zera jartzen zuen Benito Goitia Benantzioren lehengusua zen zinegotziari buruz:
“Hay un aforismo jurídico que dice: a confesión de parte suspensión de prueba. En la sesión subsidiaria celebrada el martes dijo el señor Goitia B., dirigiéndose al concejal de la minoría Sr. Uribe ¿en qué persebe hemos comido juntos? Ergo, paice que se come en pesebre ¿eh?”.
Eta hori gutxi balitz, beste iruzkin ironiko hau zuzentzen zion Benantzio Goitiari berari:
“antes de levantar la sesión hemos de hacer constar lo agradecidos que estamos a Don Venancio Goitia por las manifestaciones que hizo en la sesión respecto a “El Bermeano”, demostrándonos que lee nuestra publicación y no echa en saco roto todo lo que dice el periodiquillo. ¡Eskarrikasco!”.
El Bermeano astekaria, ikusten denez, alez ale zinegotzi abertzaleei zuzentzen zizkien ziri eta eztenkadak bitarteko, arazo serio bat izaten hasita zegoen Bermeoko jeltzaleentzat; geroago eta gauza deserosoagoa jardun politikorako eta kezka askoren iturria alderdiaren estrategiarako.
1902ko irailaren 3an, beste zinegotzi jeltzale bati suertatu zitzaion astekariaren kritikari udal-plenoan aurre egiteko txanda: Gregorio Azkoitiari. Aktan jasotakoa dugu, honetan ere, argibiderik hobeena:
«Don Gregorio Azcoitia hace constar que el periódico titulado El Bermeano dice que su hijo ha estudiado dos cursos de la carrera mercantil en el colegio de segunda enseñanza de esta villa y afirma que es falso esto, pues su hijo solo pudo estudiar en dicho colegio un curso y no más, por no haber posibilidad para ello y los demás cursos ha tenido que estudiarlos en Bilbao, añadiendo que la carrera de dicho hijo la ha pagado de su bolsillo particular, sin que para ello haya contribuido este municipio en forma alguna, directa ni indirecta, ninguna otra entidad y por lo que se refiere a la calificación que en dicho periódico se le hace de embustero puede afirmar que su buen nombre y fama es muy conocido en Bermeo y se halla muy por encima de lo que puede decirse en dicho periódico»
Eten gabeko erasoa zen El Bermeano-k herriko jeltzaleei egiten ziena. Kritika zabala ez zenean, iruzkin insidiosoa. Eta zurrumurruak hedatzeko arrazoirik ez zegoenean, barre-burlak eginez. Jauntxo liberalen astekariak sarri-sarri aipatzen ditu bi pertsonai, Calches y Tripustel, euren kontrako kritikak eta sarkasmoak egiteko. Zinegotziak omen ziren biak eta lehengusuak. Bietatik bat, beraz, Benantzio Goitia zen. Ez dakigu, alabaina, Calches ala Tripustel. Bestea, berriz, udalean zeuden bere lehengusuetako bat: Benito ala Lorenzo Goitia Goienetxea.
1902ko irailaren 21eko alean, bi lehengusuak udalari etxean lan batzuk egiteko eskatu zioten baimenaz hitz egiten du El Bermeoano-k. Komunak berritzeko edo eskatzen omen zuten baimena. Astekariaren iruzkinak, jakina, ez zuen parkatzen:
“Nosotros no vemos más que el común de donde salen los basoqui y á donde con su irresistible tendencia se dirijen (sic) siempre. Al común; allí nacieron, allí se alimentan y allí…se enterrarán” (21.09.02)
Horrelako erasoen eraginez, zinegotzi jeltzaleen eta El Bermeano astekariaren arteko tentsioa, hasten, igotzen eta indarra hartzen joan zen 1902. urtean zehar. Benantzio Goitiak eta bere kideek udal-plenora behin eta berriro zeramatzaten El Bermeoano-ren kontrako kexuak ikusirik, udala ez zela horretarako leku egokia esan zieten Alkatearen taldekoek, aldizkarietan argitaratutako kritikak zinegotzi bakoitzak bere bidetik kudeatu behar zituela argudiatuz, arazo pertsonalak udalaren arazo bihurtzeko ahaleginari uko eginez: «…los hecho referidos en periódicos y que se consideren ofensivos personalmente para cualquiera de los señores concejales -arrazoitzen zuen Domingo Amunategi zinegotziak- no pueden traerse a las sesiones de esta corporación, pues corresponde a la acción particular que el ofendido puede promover contra el ofensor».
Hala ere, jeltzaleek udal-plenoan aurkezten zituzten kexurik gehienak, udalean egindako adierazpenei edota euren ardura publikoari lotutako kritikei buruzkoak ziren. Ez zitzaien arrazoirik falta, bada, udalbatzarrera eramateko.
Edonola ere, liskar hura okertzen eta usteltzen joan zen eta, azkenean, El Bermeano aldizkaria auziperatzeko erabaki zuen udalak jeltzaleen eraginez. Benantzio Goitia bera izan zen, Sandalio Allikarekin batera, ekimena bultzatu zuena. Elorrietaren taldeko zinegotziak ez zeuden ados erabakiaren, baina jeltzaleek erakundean zeukaten gehiengoaz baliatu ziren akordioa inposatzeko.
1902ko abenduaren 2ko udal-plenoan, astekariaren kontrako salaketa epailearen aurrean aurkeztea proposatzen zuen batzordearen txostena irakurri zen lehenbizikoz, «… proponiendo que se denuncie al juzgado de instrucción correspondiente el artículo publicado por el semanario de esta villa titulado El Bermeano, con el seudónimo de Sarragoiti, por las inexactitudes y ofensas que contiene». Domingo Amunategi zinegotzia -elorrietarren artekoa, jakina- astekaria auziperatzearen kontra agertu zen «por ser atentatorio al derecho que la Constitución del Estado concede a todos los españoles para censurar los actos ejecutados por los encargados de la Administración pública». Eztabaida sutsuaren ostean, gaia mahai ganean uztea erabaki zuen alkateak, denbora gehiagorekin sakonago aztertzeko.
Baina jeltzaleak ez zeuden puntu horretan atzera egitekotan. Eta abenduaren 13ko plenoan gogor ekin zioten berriz ere gaiari.
«Se da lectura al informe de la Comisión de Gobernación advirtiendo de que no puede esta Corporación interponer contra el semanario El Bermeano la acción criminal que se propone en la Moción presentada por los señores don Venancio Goitia y don Sandalio Allica, pero que no obstante, propone se denuncie al juzgado correspondiente el artículo publicado por dicho periódico con el pseudónimo de Sarragoiti. Seguidamente se dio lectura al informe particular formulado por don Domingo de Amunategui, individuo de la misma Comisión, proponiendo se desestime la Moción referida, por ser atentatorio del derecho que todos los vecinos de esta villa tienen de censurar los actos de los señores concejales del Ayuntamiento en el ejercicio del cargo».
Gauzak horrela, eztabaida berria izan zen udalean. Baina azkenean, batzordearen proposamena onartu zen, jeltzaleen aldeko bederatzi botoei ezker. Gainontzeko hiru zinegotziak kontra bozkatu zuten. Amunategi elorrietatarraren mozioa, berriz, ezetzia izan zen.
Azkenean, aurkeztu egin zen jeltzaleek proposatzen zuten salaketa. Eta Genikako epaitegia gaia aztertzen hasi zen. Izan ere, 1903ko urtarrilean, salatutako ale zehatza bialtzea eskatu zuen, bere edukinak modu zehatzagoan aztertzeko. Udalak, urtarrilaren 11ko plenoan irakurri zuen epaitegiaren idazkia eta, aktaren arabera, «…los señores concejales que propusieron la denuncia manifiestan que el número de referencia es el veintitrés de noviembre último. Se acordó que se remita al juzgado un ejemplar de dicho número».
1902ko gabonetan -tirabira honen guztiaren erdian- jaialdi bat antolatu zuten elorrietatarrek Bermeoko kasinoan, zinegotzi jeltzaleek udalean osatzen zuten gehiengoari aurre egiten zion gutxiengo liberala omentzeko. El Bermeano-k, jakina, afariaren kronika argitaratu zuen, jeltzaleekiko erabili ohi zuen betiko tono beligerantean:
«Más de 150 comensales, agrupados en torno de la minoría liberal, para aplaudir la valiente campaña que contra la reaccionaria y oscurantista mayoría ha venido sosteniendo durante el año qu eva a finar.
Allí, en estrecho lazo confundidas las clases todas de Bermeo, simbolizaban la más enérgica protesta contra el nefando basoquismo que en su gestión, tan sólo ha pretendido la disolución y la anarquía en la administración del pueblo.
Acto hermoso de soidaridad ante los insultos que la mayoría ha dirigido al buen nombre del pueblo de Bermeo.
Dar una idea de la animación y la fraternidad que en el banquete reinaron es superior a cuanto la pluma puede escribir.
Los entusiastas brindis pronunciados por algunos de los concurrentes, electrizaron, digámoslo así, a los comensales, demostrando que la opinión pública de Bermeo va a despertar de su letargo y dispuesta a ocupar el puesto que por derecho propio le pertenece en la administración de sus intereses.
Actos como el realizado la noche del viernes, honran al pueblo que los lleva a cabo al honrar a la fracción que tan bien ha sabido interpretar los nobles sentimientos bermeanos.
Las alegres notar del fraternal banquete, se nos antojaron el triste doblar de campana tocando a muerte por el nefando basoquismo, que se agita ya en las convulsiones de la agonía.
¡Aurrerá, bermeanos! Todo por la ilustración y el progreso del pueblo de Bermeo, ilustración y progreso tan dignamente defendidos por la valiente minoría del Ayuntamiento.
No terminaremos sin gritar haciéndonos eco de lo que tantas veces se repitió enla memorable noche del 26
¡VIVA ESPAÑA!
¡VIVA BERMEO!
Hauxe zen El Bermeano astekaria. Ez dakigu Bermeoko Udalak bere kontra aurkeztutako auzia zertan gelditu zen, baina bizi izandakotik ikasiz, tono apalagoan argitaratu zen 1903tik aurrera. Jeltzaleak udalaren gehiengoa galdu izanak ere -1903ko abenduan izan ziren udal hauteskundeetan gertatu zen hori- bere eragina izango zuen, zalantza barik, El Bermeano fase lasaiagoan hasi zedin.
Benantzio Goitiaren heriotza; bere jardun politikoan ekinean hil zen
1910ko urtarrilean lehen egunetan hil zen. Ekinean hil ere; abertzaletasunaren aldeko jardun politikoan ari zelarik.
Urtarrilaren lehenean, ohi bezala, 1909ko azaroaren 5ean egin ziren hauteskundeetatik ateratako korporazio berria eratu zen udaletxean. Benantziok ere ekitaldi hartan parte hartu behar zuen, baino ez zen bertaratu, gaixorik zegoelako. Horrela adierazten du aktak, zinegotzi guztien izenak banan-banan aipatu eta gero: «no habiéndose presentado los concejales don Hilario Baqueriza, por hallarse ausente y don Venancio Goitia por hallarse enfermo». Hala eta guztiz ere, bigarren alkateorde izendatu zuten bere kideek, jeltzale-taldearen berezko buruzagia zelako.
Inork ez zuen pentsatzen, une hartan, udalbatzarrean parte hartzea eragotzi zion gaixotasunak aparteko larritasunik zeukanik. Aitzitik, alkateorde izendatzeko botoa eman zioten hamabi zinegotziek, nekez pentsatuko zuten gaixotasun hurak bere ibilbide politiko zuzenean jarraitzeko oztopoa egingo zionik. Baina uste baino okerrako suertatu ziren gauzak, eta egun gutxiren buruan, heriotzak harrapatu zuen Benantzio etxekoen, lagunen, jarraitzaileen eta udalkideen samindurarako.
Urtarrilaren 5ean, udalbatza berriro batu zenean, batzarra bertan behera uztea erabaki zuten aho batez alkateak eta zinegotziek, ezustean gertaturiko heriotza haren aurrean sentitzen zuten minaren adierazgarri:
«A propuesta de don Ponciano Basterrechea -esaten du egun hartako aktak- por unanimidad se acuerda levantar la sesión como manifestación de duelo y sentimiento que embarga el ánimo de los señores concurrentes con motivo del fallecimiento de su digno compañero segundo teniente de Alcalde de este Ayuntamiento don Venancio Goitia, pronunciándose frases laudatorias de las virtudes y buenas condiciones del finado y que este acuerdo se notifique a la familia»
Bizkaitarra egunkariak ere aparteko goraipamen eskaini zion hurrengo alean:
«Venancio de Goitia. Hemos recibido la noticia del fallecimiento de este ferviente soldado de Jel, en la villa de Bermeo.
Nacionalista de acción, desde tiempos atrás, captóse las simpatías de todos los correligionarios que le conocieron, en Bermeo ejerció con gran acierto el cargo de Delegado Municipal del Partido, y Concejal en aquel Ayuntamiento.
Reciba su atribulada familia nuestro sentido pésame, y descanse en paz el incansable patriota».
Gaur egungo Euskal Herrian pairatzen dugun jauntxo liberal talde hori ordezkatzen duen aldizkaria, El Correo litzateke.
Oso lagin adierazgarri iruditzen zait 110 urte igaro arren nola iritzi berberak duten El Bermeanok eta El Correok,batez ere euskaldunen aldarrikapen nazionala onhartu ezina eta aintzat ez hartzea gu geure herrian,gu eta ez beste inor dela jabe.
Lan polita koño! Aurkitu be egin dozuz datuak eta erretratuak gero! Zorionak, benetan eta aurrera jarraitu lan honekin, Bermeon abertzale asko eta zintzoak izan dira beti eta.
Oso interesgarria.
Eskerrik asko.
Kaixo Josu, kasualidadez aurkitu dut horrialde au, galernarako andran jantziak bilatzen nengoen josteko horrelako jantziren bat eta ara ze sorpresa agradablea,bizitatuko dot gehiago agur bat «paisano»!