Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut nire aitaren ahaideen leinua Jata eta Sollube mendien inguruan garatu izan dela mendez mende. Genealogiak aztertzen ibili nintzen garaian -denok izaten dugu zaletasun hori gure bizitzako sasoiren batean- argi asko ikusi nuen hori. XVIII. eta XVII. mendetera arte luzatu ditzaket -kasu batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago- enbor horretako zugaitz genealogikoaren adarrak. Eta denbora-epe horren baitan, Bizkaiko bi mendi horien artean kokatzen dira arbasoen jatorrizko leku guzti-guztiak: Larrauri, Meñaka, Bakio, Jatabe, Gatika, Bakio, San Pelaio, Arrieta, Errigoiti, Busturia, Mundaka, eta abar.
Gaur goizean Larraurira inguratu naiz Erkoreka baserriak bertan jarraitzen ote duen ikuskatzen. Egin ditudan ikerketen arabera, munduan diren Erkoreka guztien jatorria hortxe dago: Larrauriko Erkoreka baserrian. Beste abizen batzuk, jatorri anitza daukate. Elorriagatarrak, esate baterako, Bizkaian, Gipuzkoan zein Araban izan ditzakete sorburua; hiru lurraldeetan baitago izen horretako baserri, auzo edota herrixkarik. Bolibar bera ere Bizkaiko abizen petotzat daukagu gehienok, baina Araban ere Bolibar izeneko herritxoa dagoela jakin beharko luke zenbaitek: Gasteiztik Okinara garamatzen bidean hain zuzen ere. Erkoreka toponimoa, ordea -eta toponimoarekin batera, baserria, jakina- hortxe bakarrik dago: Larraurin. Jata mendiaren egoaldeko magalean. Hortik gatoz Erkoreka abizena daukagun guztiok. Leku ederra da. Oso paketsua. Udaberrian, alaia bezain goxoa; neguan, ordea, fresko samarra.
Garai batean, baserri bi zeuden Erkoreka izenarekin: Goikoa eta behekoa. Elkarren ondoan. Eta horien alboan, lau koadrotako jauregi ikusgarria. Gaur egunean jauregiak eta beheko Erkorekak bakarrik jarraitzen dute. Behekoan, ordea, bigarren etxe bat eraiki dute. Horixe esan digu behintzat baserrian bizi den gizon bakarrak. Erkoreka abizenekoa bera. Erkoreka goikoa -dokumentu zaharretan «Ercoreca de arriba» eta «Ercorecagoicoa» aipatzen dena- ondamendi hutsean bihurtu omen zen duela berrogeita hamar urte.
Gaur egunean bizi dugun abiadurazko bizimodu mugikorrean, sensatzio erakargarria ematen du norberaren arbaso zaharrek mende luzez eta belaunaldiz belaunaldi ikusi zituzten paisaiak ikustea eta zapaldu zituzten lur berdinak zapaltzea.
Ahaztu egin jatzu esaten, Josu, inguru hori guztia Mungiako udalerriko zatia dala. Hori gira behera artukulu polita idatzi dozu. Ni neu be Erkoreka naz. Hirugarren abizena.