Bizkaiko ezagunenetarikoa da Serantes mendia. Ez da -ez- altuera handikoa, baino nortasun nabarmeneko profila dauka. Bilboko portuaren ahoan kokatuta dago, itsasotik zein barrutik ikusgai. Errekaldearen industria-guneen eta Zierbenako lehen sektorearen arteko mugarria da Serantes. Arbolarik gabeko mendia. Eta kontrastez josia, jakina. Berdez jantzia, bai, baina garapen ekonomikoak ingurugiroan ireki dituen zauriez inguratua.
Igandeko eguraldi ederra aprobetxatu dugu Jokinek eta biok Serantes mendira ostera bat egiteko. PSEko Sozialistak Durangora deituta zeuden, urtean-urtean ospatzen duten larrosaren eguna dela eta, Zapatero sasoi bateko tronperrira etortzekoa zelako. Ez zen bada, egun egokia, Durangaldeko mendi eta harkaitzetara inguratzeko. Gure asmoen berri jakiterakoan, lagun batek galdetu digu ea sozialistak Durangaldeko esparru abertzalera hurbiltzearen trukean, guk, kontrara egitearren, euren zinezko inguruetara joateko asmoarekin erabaki ote genuen Serantes mendira joatea. «Ez» erantzun diegu. «Serantes mendia ere inguru abertzalean dago gaur egunean». Izan ere, Santurtziko alkatea, Rikardo Ituarte, jeltzalea da; azken lau urteetan gehiengo osoarekin herriari zerbitzu ederra egin dion alkatea, ganera. Eta beste aldean, sartaldean, Zierbena eta Abantoko alkateak ere, Marzelino Elorza eta Manu Tejada, jeltzaleak diran. Haatik, Serantera txangoan bagoaz, gogoa daukagulako da, eta inola ere ez sozialisten inguru naturala delako.