Ba omen doa. Argi eta garbi esan omen du. Ba doala. Ala ba omen doa. Eta ordezkoa aurkitu behar omen zaio orain. Omen, bai, omen. Eta ba omen doan honen ordez, geroaz arduratuko denaren txanda zabaltzen omen da. Badoaz, bai, udaberriko berdearen aurrekoak. Zuri-zuriak batzuk; arrosa eta lila tankerakoak besteak; berdearen iragarleak denak.
Joan doana badoa. Zaratak sortu ditu -eta sortuko ditu, ugari- bere joate horrek, baina jakina zen egunen batean joatekoa zena. Inor ez baita hemen betiko. Eta zarata horiek gora behera, orain, datorrenaren berdeari begira-begira jarri dira mundu guztiaren begiak. Ahaztu dira dagoeneko joan doanaren zuri-arrosa koloreez eta ordezkoaren berde bizian jarri dute arreta guztia. Udaberri guztietako kontua da hori; urtean urtean apirilaren inguruan gertatzen den loratze prozesuaren ezaugarria.