Udaberriko eguraldi ederra izan dugu joan den astean zehar. Zeinek uka dezake hori? Kontua da hiri handietako eraikinen baitan lan egin behar duenarentzat, egunerokotasunaren lauki orokorra baino ez da eguraldia; bere arreta-guneetatik kanpo dagoen zerbait, alegia. Madrilen, esate baterako, sarri askotan, kalean dagoen eguraldia ere ez dugu jakiten zeregin parlamentarioetan murgiltzen garenean. Hemizikloak ez dauka leihorik. Kongresuko jauregiak bai, jakina denez, baina kortina pisutsuekin estaldu ohi dira. Barruan dagoenak, haatik, ez du maiz jakiten kanpoan eguzkia dir-dir dagoen ala zeru urdina laino beltzen atzean ezkutatu den. Isolamendu egoera horretan, asteburua izaten da gure salbamena. Larunbata-igandea noiz helduko egiten ditugu astegunak, errealitatearekin topo eginez eguraldiaz gozatzeko; gozamen hori posiblea denean behinik behin.
Aste honetan zehar, seme nagusiak, Jokinek, Urduña inguruko mendietara txangoa egitea proposatu dit. Berehala eman diot baiezkoa. Seme baten proposamenari ezin zaio, egunokaz, ezezkorik eman. Horrez ganera, aspalditik neukan inguru horiek arakatzeko gogoa. Eta iragarleek eguraldi ona aginduta zeukatenez, elkarri baimena emanda genbiltzan semea eta biok, bata baino bestea pozako eta ilusioz beteago.