Ez dut aparteko harremanik izan Xabier Gereñorekin. Orain urte batzuk -hogeitik gora, seguru asko- han eta hemen, bere liburu-denda bolantearekin aurkitzen nuenean sortu zen azaleko eta noiz behinkako harremana besterik ez dut berarekin izan. Liburuzale porrokatua izan naiz beti, eta gizon erakargarria iruditzen zitzaidan, azoka ofizialetan ez ezik, edozein leku eta zokotan -hala nola, Deustuko plazan, auzoko jaietan edota Bilboko festetan- berak idatzitako izenburuen zerrenda luzeko azken aleak mahai baten ganean jarrita jendaurrean ikusten nuen hura. Idazlea eta argitaratzailea zen. Berak idatzi, berak argitaratu eta, maiz-sarri, berak, pertsonalki saltzen zituen bere liburuak.
Edadeko gizontzat neukan -gaztaroko kontuak-, baina haize freskoz auspotua oso. Beti zegoen irrifarrez, eta beti prest elkarrizketari ekiteko. Horrela animatu nintzen behin baino gehiagotan beregana heldu eta libururen bat a la bestea erosten. Euskalzale porrokatua zen Xabier. Titulu ugari idatzi zuen. Erraz irakurteko testuak, denak. Euskara ahalik eta gehien hedatzea zuen helburu, eta bere idazkiak -nobelak, teatrolanak, biografiak- helburu horretara makurtzen ziren erabat.
Ez neukan bere berririk aspaldi honetan. Baina bere heriotzaren berri izan dudanean, etxeko apaletara jo dut, berak idatzitako libururen baten bila. Kuwait-en harrapatuak aurkitu dut. Gaurkotasun handiko liburua, aurten hogei urte betetzen dituen arren. 1991 urtean, Sadam Hussein-ek Kuwait eraso eta handik gutxitara idatzitako nobela da hau, garaiko berrien aitzakian euskarazko irakurgaia eskaintzeko asmoarekin. Segidan irakurri nuen. Ondo gogoratzen dut. Tiraba bakarrean. Abenturak, misterio puntua eta harreman pertsonalak testu berean nahasten dituen relatoa da. Gereñoren testu tipikoa. Beste bat ere badaukat -gaurkotasunaren ildotik jarraituta- baina amaren etxean dago: Gadafi hiltzeko agindua da bere izenburua. Sarrera horrekin, gaur idatzitakoa dirudi.
Gerora ere, Gereñoren liburuak hor jarraituko dute, liburutegietako apaletan, euskaraz irakurri nahi duenaren aseak betetzeko prest, baina nik beti izango dut gogoan bere liburu-denda trashumantearekin atzera eta aurrera ibiltzen zen idazle-argitaratzaile-saltzaile-suspertzaile jatorraren irudia.
Profil polita egin diozu, Josu. Xabier ez da literaturaren historiara pasako, baina tipo atsegina izan zen eta euskalzale porrokatua.