Udaberriko eguraldi ederra izan dugu joan den astean zehar. Zeinek uka dezake hori? Kontua da hiri handietako eraikinen baitan lan egin behar duenarentzat, egunerokotasunaren lauki orokorra baino ez da eguraldia; bere arreta-guneetatik kanpo dagoen zerbait, alegia. Madrilen, esate baterako, sarri askotan, kalean dagoen eguraldia ere ez dugu jakiten zeregin parlamentarioetan murgiltzen garenean. Hemizikloak ez dauka leihorik. Kongresuko jauregiak bai, jakina denez, baina kortina pisutsuekin estaldu ohi dira. Barruan dagoenak, haatik, ez du maiz jakiten kanpoan eguzkia dir-dir dagoen ala zeru urdina laino beltzen atzean ezkutatu den. Isolamendu egoera horretan, asteburua izaten da gure salbamena. Larunbata-igandea noiz helduko egiten ditugu astegunak, errealitatearekin topo eginez eguraldiaz gozatzeko; gozamen hori posiblea denean behinik behin.
Aste honetan zehar, seme nagusiak, Jokinek, Urduña inguruko mendietara txangoa egitea proposatu dit. Berehala eman diot baiezkoa. Seme baten proposamenari ezin zaio, egunokaz, ezezkorik eman. Horrez ganera, aspalditik neukan inguru horiek arakatzeko gogoa. Eta iragarleek eguraldi ona aginduta zeukatenez, elkarri baimena emanda genbiltzan semea eta biok, bata baino bestea pozako eta ilusioz beteago.
Zapatu goizak eguzkitsu agertu du kopeta. Animoz bete gaitu horrek. Mendigoizale jantzi, kotxea hartu eta bederatzi t´erdietarako Urduñako Antzinako Amaren Eleizaren aurrean geunden. Eleiza polita da; barroko estilokoa. Txukuna. Eta atzean, Txarlazo izeneko arkaitz nagusia ikusten da, puntan daukan birjinaren irudi erraldoia bezain ezagunari tente. Hain da jasoa Txarlazoko arkaitza, eskaladan igo behar dela ematen du. Baina ez; bidea dago. Bide aldapatsua, jakina, baina eramangarria. Eta ederra. Arboladiz inguratua. Hasierako bidexketan, kukuaren kantua entzun dugu. Argi eta zoli. Tradizioak esaten duenari jarraituz, eskua poltsikora eraman eta… hutsik! Ene bada!Kartera barruan zegoen dirua; Antzinako Amaren Eleizaren aurreko parkingean utzi dugun kotxean.
Bidean aurrera -eta gora- egin ahala, pagoak nagusitzen dira inguruko paisaiez. Eta bidea zaharra agertzen da; harriz egina; sendoki eraikia. Gailurrera helduz gero, bailara guztiaren aparteko ikuspegiekin aurkitzen da ibiltaria. Urduñako herria, aurre-aurrean, eta ingurukoak -Amurrio bereiziki- apur bat haratago. Txarlazotik tontor-bidea jarraituz, Txolopera heltzen da eta apur bat gorago, Solaierara. Hirugarren honek 1039 metroko altuera dauka.
Solaieran, harri baten ganean jarririk, uda edaten genuen bitartean, Urduñaren iraganaz gogoratu gara; beti bidean; beti mugan; barruan, baina ezinean. Bizkaiko hiri bakarra. Eta nik neuk, neure bizitzan ezagutu izan ditudan urduñarrak ekarri ditut burura. Unibertsitatean ezagutu nuen Fernando Zabala, esate baterako. Eta soldaduzkan aurkitu nuen baserritarra: Prudentzio Iturribarria. Eurei esker izan nuen lehengoz otxomaioen berri. Eta Antzinako Amaren inguruko tradizioen informazioa. Denbora luzea eman dugu naturaz, inguruaz, eguraldiaz eta elkarrizketaz gozatzen. Eta horrek nahi baino azkarrago jaistera behartu gaitu, bazkaltzeko sasoiz heldu ahal izateko.
Argazkian zauden lekutik, Josu, putreak ikusten dira bailara ganetik hegan. Ez konfunditu, arren. Putre horiek ez dira Eusko Jaurlaritzako kargudunak. Beti egon dira hor.
Los comentarios de la tribu de los batua, son escasos y cortos.