Gaur goizean, Bilbo erditik nenbilela, Mungiako lagun batek esan dit: «Bermiotar bat dago Abijanen, hango gerratearen erdian». Ez dut esaldia ulertu. Edo zehatzago esateko, ez dut ondo ulertu esaldi horretik zer esan nahi zidan. Baina bermeotar bat Abijanen egotea hain arraroa ez denez, eta une horretan nahiko presaka nenbilenez, erantzun honekin itxi dut elkarrizketa: «Bat bakarrik? Hori ez dok berria gizona! Abijaneko portuan, bermeotarrak, Bilboko portuan baino ezagunagoak dozak».
Eta egia da. XX mendeko 50 hamarkadaren amaieran, Bermeoko baxurako ontziak Kantauriko itsasoa utzi eta Atlantikoko ur tropikaletara atun bila joaten hasi zirenean, sartaldeko Afrikako hiru portu nagusi hartu zuten babesleku: Dakar, Freetown eta Abijan. Hori dela eta, hiru izen horiek izen ezagun-ezagunetan bihurtu ziren bermeotarren artean. Orain, komunikabideen eragina dela eta, edozeinek ezagutzen ditu hiri horiek. Baina sasoi haietan, duela berrogeita hamar urte, jende irakurriak eta ibiliak bakarrik zekien hiri horien berri. Bermeon, ordea, umeentzat ere ezagunak ziren; batek ez bazen besteak, aita, osaba ala anai nagusia, Dakarren, Freetownen ala Abijanen zeuzkalako. Monrovian ere bai, egia da, baina herri honen izena ez zen horren beste entzuten nire gaztaroko bermeotarren ahoan. Nik hala gogoratzen dut behintzat.
Bermeoko arrantzaleak Afrikako erronkari aurre egiten hasi ziren denboretan aurkitu zuten Abijan hurak, ez zeukan, ordea, zer ikusi handirik azken hilabeteotan telebistak erakusten digun herri erdibitu eta burruka basatiaren indarkeriaz odoldutakoarekin. Imanol Berriatua frantziskotarrak, euskal arrantzaleekin itsas apostoladutza lanetan zebilenak, honako hauek idatzi zituen garai hartako Abijani buruz lehenbiziko aldiz ikusi zuenean, 1964 urtean:
«Nire ustez, Abidjanen gauza asko falta zaizkigu oraindio, Freetownen bezain ondo egoteko. Baina denboraz eta arraina hemendik badabil, han baino hobeto egongo gara hemen, Abidjanek izugarrizko etorkizun ederra dauka eta.
Hiri guztia da modernoa, adar askodun aintzira baten hegaletan jarria. Nolako etxeak, nolako kaleak, nolako plazak, nolako portua! Hirurehun milatara heltzen omen da populazioa. Frantses asko bizi dira berton. Hogeita hamar mila edo. Haien diru eta lanari eskeri, indar ekonomiko haundia dauka hiriak.
Aintzirara kanale estu batetatik sartzen da. Zubi eder batek erdibitzen du hiria. Goiko aldean, gehienbat, zuriak bizi dira; eta behekoan, beltzak. Elkarren artean ez daukate diskriminazio haundirik. Denak dira harro eta pozik beren hiri ederraz»
Berritatuak ez zuen hutsik egin Abijanen etorkizun itxaropentsua iragarri zuenean. Ez horixe! Harrez gero, asko baino gehiago jo baitute bermeotarrak Abijaneko portura. Eta txapazko atuneroak egin zirenetik, maiztasun gehiagorekin ondino. Atlantikoan diharduten atuneroen porturik garrantzitsuena Abijan bera izan da hain zuzen ere. Horrela izan da behintzat, azken hauteskundeetan sortutako liskarren ondorioz, Gbagbo eta Outtararen arteko burrukak kaleko segurtasuna hankaz gora jarri duten arte.
Azken hilabeteotan, segurtasunari lotutako arazo horiek direla eta Bermeoko ontziak beste portu batzuetara jo dute. Gustora ibili dira Abijanen -urteak eman baitituzte bertan- baina inguru beste batzuetarako bidea hartu dute, harik eta gerratea amaitu arte.
Egia da hori guztia. Egia da, beraz, bermeotarraren irudia, Abijanen, irudi ezaguna dena. Gaur goizeko elkarrizketa laburrean, haatik, ez dut gezurrik esan. Baina nire lagun mungiarrak esan didana ere egi borobila da. Gero konturatu naiz, Deia egunkarian irakurri dudanean: Aitor Fernandez izeneko bermeotar bat dago Abijanen harrapatuta, bertako bere emaztearekin eta elkarren artean izan duten haurrarekin. Kalera urten ezinik. Ez aurrera ez atzera egin ezinik, Gbagabotarrak eta Outtararrak tiroz dabiltzalako eta burrukaren itzalpean lapurrak -lapur arriskutsuak, biolentoak- kaleaz nagusitu direlako. Etxean dago baina babes barik. Lapurrak edozein etxetara sartzen baitira edozein sarraski mota egiten. Berehala jarri naiz kontaktuan Kanpo Harremanatarko Ministerioarekin. Ez dakit zerbait egiteko aukera izango duten, baina egokitzat jo dut Aitorren egoeraren jakitun jartzea.
Itxaron egin behar da orain. Ia gauak bideratzen diren: Aitorrek babesa aurkitzen duen, Costa de Marfileko burrukak ahalik lasterren amaitzen diren eta, Abijanek, aita Imanol Berriatuak 1964 urtean iragartzen zion etorkizuna berreskuratzen duen. Bermeotarrak eta guzti, noski.
Esteka jarri dugu Zuzeu.com en. Eskerrik asko.
Eskerrik asko, Josu, gugaz akordatiegaitik. Odisea ederra bete dogu bermiotarrok Afrikako uretan eta ondino idatzi barik dago egin dogun guztia. Besarkada bat
Los comentarios de los batua, son escasos y cortos.
Y los comentarios de Pasajes & Bidasoa, fieles a su tradición: necios, insulsos, vacíos, ridículos, absurdos y enfermizos. A Pasajes & Bidasoa le gusta enredar en las entradas escritas en euskera, pero como no entiende nada en euskera, escribe por escribir. ¿Qué se puede esperar de un fanático español patologizado por un irredento y exaltado nacionalismo?
Los comentarios de un nacionalista son escasos y cortos, en sintonia con su inteligencia. Nacionalismo=dogma maligno que destruye las neuronas.