Ba omen doa. Argi eta garbi esan omen du. Ba doala. Ala ba omen doa. Eta ordezkoa aurkitu behar omen zaio orain. Omen, bai, omen. Eta ba omen doan honen ordez, geroaz arduratuko denaren txanda zabaltzen omen da. Badoaz, bai, udaberriko berdearen aurrekoak. Zuri-zuriak batzuk; arrosa eta lila tankerakoak besteak; berdearen iragarleak denak.
Joan doana badoa. Zaratak sortu ditu -eta sortuko ditu, ugari- bere joate horrek, baina jakina zen egunen batean joatekoa zena. Inor ez baita hemen betiko. Eta zarata horiek gora behera, orain, datorrenaren berdeari begira-begira jarri dira mundu guztiaren begiak. Ahaztu dira dagoeneko joan doanaren zuri-arrosa koloreez eta ordezkoaren berde bizian jarri dute arreta guztia. Udaberri guztietako kontua da hori; urtean urtean apirilaren inguruan gertatzen den loratze prozesuaren ezaugarria.
Euskal baserriaren tradizioan garrantzia handia zeukan apirilak. Aspaldi bateko nekazarientzat indarrez betetako hilabetea zen: «Apiril biribil/gaur erein eta bihar bil». Baina hori horrela izanik ere, apirileko loratzea ez omen da ziurrena eta fidagarriena. Horrela dio beste esaera honek:
Otsailgo lora
ezpalitz hoba;
Apirileko lora
bapez baino hoba;
Maiatzeko lora
hu bai flora!
Apirileko loreak ez dauka geroa bermatuta. Berde dator, bai, eta horrek itxaropena sortzen du zenbaitengan. Baina berdea ez da beti ernatzen. Eta ernetzen badu ere, ez du gauza berririk ekarriko. Betiko prozesua; urteroko prozesua errepikatuko du beste behin. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere.
Mundu guztiaren arreta berde berriarengan kokatuta dago orain. Eta normala da. Berriak, zaharrak baino interes gehiago sortarazten duelako beti. Baina hainbeste abarrots eta algaraka ez dira konturatzen berde horrek beti ematen duela fruitu berdina. Sasoian sasoiko lorea beti da desberdina baina, aldi berean, beti da berdina. Urterokoa bera. Uda berri guztietako. Hainbat aldiz ikusi duguna.
Zaharra ba omen doa eta ba omen dator berria. Berria bezain betikoa.
Bonita metáfora!!
La cuestión a mi modo de ver no es si va a florecer algo nuevo o una alternativa real. A mi lo que me preocupa es que no sustituyan las flores o proyectos de ellas por cardos borriqueros.
«Es coja vuestra majestad entre cardos y rosales, es coja y seguirá coja».
Beno, hemen, espainolistak ez dute ezer esaten. Ez dute ezer idatzi. Bost axola die euskaraz idazten dena. Euskarak berak ere… purrrust! Hor daukazue Lopez bera. Euskaraz ikasiko zuela agindu zuen legealdia hasi zuenean. Bi urte iragan dira harrez gero. Ba al daki euskaraz? Ez, noski. Hasieran bezala jarraitzen du. Eta jarraituko du, jakina.