Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 24 de junio de 2012

Urte bi igaro dira dagoeneko, San Juan egunez, Gaztelugatxeko aitzaren tontorrean eguna argitzen ikusi eta horri buruzko kronika txiki bat idatzi nuenetik (Ikus, «Udako eguzki-aroan», blog honetan, 2010eko ekainaren 24an argitaratua). Ihaz ez nuen esperientzia zoragarri hori bizitzeko aukera. Politikariaren lana kapritxosoa da oso, eta nekez kudeatu ahal izaten dugu agenda norberaren gustora. Aurten, ordea, igandez etorri zaigu kristau-tradizioan udako solstizioa ospatzeko aukeratuta dagoen San Juan eguna, eta ez dut parada hori aprobetxatu gabe utzi nahi izan.

Gaur goizaldean, Gaztelugatxeko San Juanen ateratako argazkia

Aurrekoan ere azaldu nuen azaldu, San Juan eguneko argi-egitea Gaztelugatxen bizi izateak zernolako magia daukan. Oraindik ere gauaren iluntasunak inguruabar guztiak estaltzen dituenean, eleizara heldutakoek jotzen dituzten kanpak entzuten dira, han eta hemen, bazter guztietatik giro misteriotsua zabalduz. Bermeotik oinez datozen erromes eta ibiltariak berbetan etorri ohi dira; kemena eta umorea hedatzen. Gau-pasatik zuzenean datozen gazteak ere zarata indartsua ekarri ohi dute. Elkarri agurra ematen dioten ahotsak entzun ohi dura noiz gura: aurten be ez dozue hutsik egin eh?; zu be bai?; hemen, aita-semeok! zelan animatu zarie ba? Datorren urtien be etorteko adorie euki deigula!

(más…)

Read Full Post »