Mundu guztiko herriek ospatzen dute era batera edo betera, eguzki-aroaren jaia. Negukoa eta udakoa, noski. Duela astebete batzuk, Peru-tik ibili nintzenean, lurralde hartako kultura tradizionaletan eguzkiari ematen zaion garrantzia baieztatu nuen zuzen-zuzenean. Garai bateko Incak, eguzkiaren seme-alabatzat zeukaten euren burua. Eta harrez gero, eguzkia, bertako kultura, ohitura, sineskera eta sineskerien bizkar-hezurrean dago. Txanponari berari ere «sol» deitzen diote peruarrek. Machu Picchu-n, bertan, galeria berezi bat dago, eguzkiaren tenploa deitzen dena. Galeria horrek leiho bat dauka. Eta leiho hori, ekainaren 21eko goizaldeko lehen eguzki-izpiek esparruaren erdia bete-betean argitzeko diseinatuta dago. Eta horrela gertatzen da urtean-urtean udako solstiziaren egunean. Magikoa dirudi, bai, baina magia baino, XV mendeko Inca-k astronomiaren sekretuak nola menderatzen zituzten erakusten duen jakingarria da.
Euskal Herrian ere udako eguzki-aroa sineskera asko eta askoren ituruburu izan da. Euskal ohitura-zaharrek, mitologiak eta ipuin-tradizioak, ekital eta istorio anitz jasotzen dute solstizioaren inguruan. Gehienak, noski kristautasunaren jantzia hartu dute eta ekainaren 21ean baino, 24an ospatzen dira; San Juan egunean, jakina. Baina oraindik ez dute galdu osoan, garai baten izan zuten kristautasunaren aurreko itxura.
Gastelugatxe inguruko euskaldunentzat, udako solstizioa, San Juan-en bertan ospatzen da. San Juan suak biztutearena ohitura sustraitua da eskualde guztian. Baina 24ko lehen izpiak, San Juan-en bertan, Gastelugatxeko aitz mordoaren tontorrean, ikusi behar dira. Indar magikoa hartzen dute izpi horiek, Gaztelugatxen ikusiz gero. Machu Picchu-n eguzkiaren tenploan hartzen dutenaren parekoa.
Aurten, bertan izan naiz. Bezperan, iluntzean, Madrildik bueltatu, eta San Juan eguneko goiz partean, goizaldeko bostak eta erdietarako Urizarretan nengoen jadanik, argazkiak hartuaz, aparteko mementuaz gozatzeko. Gero, ermitara hurbildu naiz, noski. Goizeko lehen meza, seirak eta erdietakoa, jendez ganezka zegoen. Nire moduan, beste asko eta asko ere -bermeotarrak gehienak, noski- urteko mementu bakar horretaz gozatu nahi izan dute. Sensatzio berezia da, benetan, San Juan egunaren goizaldean, Gaztelugatxen, eguzkiaren lehen izpiak ikustearena. Naturarekin bat egitera eramaten zaitu.
Neu be handik ibili naitzen. Ikusi zaitxuten zeure makiñe ta guzti. Eta zeugaz nau. Ederra izan zan goizaldie.
Aupa josu, oso polita argazkixe. Bakion bizi naz, ezeuten dostezu txakurra dekon elbarria naz. Bolg honetatik argazki bat hartu dut eta koadru bat egin dut, talla bat egurren. Ikusi gure bazu hor itxi dotzut lotura lagun baten facebook-en ikusteko. Halabere, tabernan salgai dekot eta han ikusteko aukera dekozu. Oso polita geratu da. milesker eta barkatu bion partez(txakurreren partez be bai) zorionak eta urte berri on