Busturialdeko EAJren eguna ospatu genuen atzo. Egun polita eskualdeko alderdikideak batu, alkar ezagutu, batak bestearen barri jakin, eta guztion militantzia berotzeko. Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta Mundakan ospatu da. Aurrekoak, Bermeon, Arteagan eta Gernikan izan ziren. Beti udabarrian. Sinbolo bidez -urteko aroak oso erreferentzia esanguratsuak dira hizkera sinbolikoaren esparruan- Alderdiak etorkizun izugarria daukala adierazteko.
Egun ederra agertu zan goizean goiz -zeru garbi eta eguzkitsua- baina orduak aurrera egin ahala, okertzen joan zan eguraldia. Talan prestatu zan hitzaldirako lekua; Mundakako lekurik zoragarrienetarikoan. Baina mitina hasi zenerako, eguerdiko hamabietan, nabarmen jaitsita egoan hotz-beroa eta haize freskoa etorren itsasotik. Horrek, ordea, ez deusku kemenik eta gogorik kendu. Ez horixe. Han egon gara danok eguraldi aurpegi emoten. Iñigo Urkullu izan dogu hizlari. EBBeko lehendakaria eta, itxura guztien arabera, uztailaren 5ean Alderdiak Lehendakaritzarako aurkeztuko duen hautagaia.
Egoera ekonomikoa hartu dau berbaldiaren ardats moduan. Eta kritika zorrotzak zuzendu deutsoz Madrilgo gobernuari, krisia kudeatzeko orduan agertzen dauan ganora gitxiagatik. Zapaterori guzurretan ibili izana aurpegiratu izan deutsogu baten baino gehiagotan baina Rajoy, orain arte ikusi dogunagatik, behinik behin, ez da, horretan atzean gelditzen. Egiak estaltzen, ez diranak baieztatzen eta diranak disimulatzen ikusi dogu azken astebeteotan. Lotsagarria, benetan. Aspalditik ezagutzen dogunok be ez gendun pentsako horrelako jokatu behar ebanik.