Uztailaren hemezortzia da gaur. Data ezaguna Espainian. Ezaguna eta entzute handikoa. Gaurko egunez, duela 75 urte, Errepublikaren kontrako aldarrikapena egin zuen Francisco Franco jeneralak, legaltasunaren aurkako eraso armatuari ekin eta hiru urteko guda odoltsuari hasera emanez. Gero, Alemaniako nazien eta Italiako faxisten laguntzari esker guda irabazi ondoren, askatasunik gabeko lau hamarkada amaiezinetan jarri zitzaigun agintean, demokrazia eta giza-eskubideak zer diren ere ez zekien burnizko diktadura baten buruan.
Euskadin ere zoritxarreko urtemuga-eguntzat dauka, herritarren gehiengoak, uztaileko hemezortziko data hori. Franco-ren aldarrikapen hurak ez baitzuen euskaldunontzat ezer onik ekarri. Gure sena, izaera eta talde-nortasuna adierazteko bide guztiak hertsi zituen frankismoak. Euskara ere debekatu egin zuen luzaroan. Hamaikatxo isun jarri zituzten kalean euskaraz mintzatzearren. Eta haserako galerazpena lasaitu zenean, sustapen barik utzi zuen gura hizkuntza; ahultasunean bizi den hizkuntza orok iraun ahal izateko behar duen arnas-haize barik. Burujabutasunari dagokionez, ordea, lerratuta utzi zuen gure herria; Espainiako lurraldeekin erabat berdinduta. Kontzertua kenarazi Bizkaian eta Gipuzkoan eta Estatutoa lur azpian sartu zuten betiko eta betiko.