Gaur eguerdian, Flandeseko Gobernuak Madrilen daukan Ordezkaritza ofizialak antolatu duen ekitaldian parte hartu dugu EAJko diputatuok. Jakina denez, Belgikako Konstituzioak, nazioarteko tratatuak sinatzeko, kanpo-harremanak mantentzeko eta atzerriko lurraldeetan ordezkaritza ofizialak zabaltzeko baimena ematen die Federazioa osatzen duten erregioei. Habilitazio horretan oinarrituz, Flandeseko Gobernuak hainbat ordezkaritza ireki du, interesgarriak iruditzen zaizkion atzerriko Estatu eta hirietan. Horietako bat, Madrilen dago. Orain urte bi zabaldu zen. 2009ko uztailaren 12an hain zuzen ere.
Harreman estua eta ezin hobea daukagu bertako zuzendaria den Yves Wantens-ekin. Ondo ulertzen gara elkar, neurri batean, Flandeseko abertzaleak eta euskal abertzaleok erronka eta asmo berdin antzekoak ditugulako. Esan beharrekoa dut honen haritik, orain urte bete aurkeztu zitzaidala Wantens, euskal erakundeak ECOFIN-en menpeko lan taldeetan parte hartzeari buruzko akordioa sinatu genuenean, hitzarmenaren edukin zehatza zein zen jakiteko eta eurek ere Belgikan, antzeko zerbait planteatu zezaketen aztertzeko. Ona da beti, Laterri ezberdinetako abertzaleen artean, batek bestearen berri jakitea, leku bateko ideiak eta ekimenak bestean ere aplikagarriak izan daitezkeelako.