Hamairu hilabete igaro dira dagoeneko Belgikako hauteskunde orokorrak izan zirenetik. Hamairu hilabete. Urte bete baino gehiago. Hala ere, denbora-epe luze honetan guztian, ez dira gauza izan belgiarrak itxurazko gobernu-koalizioa egiteko. Eta gobernu berriaren faltaz, behin-behineko gobernuarekin iraun dute gaur arte.
Hauteskundeen irabazleak, Bart De Wever flamenkiar independentziazaleak egin zuen gobernua egituratzeko lehenbiziko ahalegina. Baina bertan behera gelditu zen azkar baino lehen bere saiakera hori. Argi eta garbi esan zuen De Wever-ek, bera Flandes-eko independentziaren aldekoa zen arren, ez zela bere asmoa, gaur-gaurkoz, behintzat, Flandes-i askatasuna emango zion gobernua eratzea. Alabaina, inork ez zuen berarekin gobernuan sartu nahi.