Gaur eguerdian, Flandeseko Gobernuak Madrilen daukan Ordezkaritza ofizialak antolatu duen ekitaldian parte hartu dugu EAJko diputatuok. Jakina denez, Belgikako Konstituzioak, nazioarteko tratatuak sinatzeko, kanpo-harremanak mantentzeko eta atzerriko lurraldeetan ordezkaritza ofizialak zabaltzeko baimena ematen die Federazioa osatzen duten erregioei. Habilitazio horretan oinarrituz, Flandeseko Gobernuak hainbat ordezkaritza ireki du, interesgarriak iruditzen zaizkion atzerriko Estatu eta hirietan. Horietako bat, Madrilen dago. Orain urte bi zabaldu zen. 2009ko uztailaren 12an hain zuzen ere.
Harreman estua eta ezin hobea daukagu bertako zuzendaria den Yves Wantens-ekin. Ondo ulertzen gara elkar, neurri batean, Flandeseko abertzaleak eta euskal abertzaleok erronka eta asmo berdin antzekoak ditugulako. Esan beharrekoa dut honen haritik, orain urte bete aurkeztu zitzaidala Wantens, euskal erakundeak ECOFIN-en menpeko lan taldeetan parte hartzeari buruzko akordioa sinatu genuenean, hitzarmenaren edukin zehatza zein zen jakiteko eta eurek ere Belgikan, antzeko zerbait planteatu zezaketen aztertzeko. Ona da beti, Laterri ezberdinetako abertzaleen artean, batek bestearen berri jakitea, leku bateko ideiak eta ekimenak bestean ere aplikagarriak izan daitezkeelako.
Jende multzoa bertaratu zen ekitaldira. Madrilen bizi diren flandiarrak, Flandesekin harremanak dauzkaten enpresariak eta diplomaziaren munduko ordezkariak. Politikariak ere bai, jakina, banakan batzuk. Flandes gogor dabil ekonomiaren aldetik. Indartsu. Etengabeko hazkundean bete-betean murgilduta, aberastasuna sortzen eta lanpostuak eskaintzen. Ekonomia eta merkataritza kontuetako arduradunak, Dirk Verlee-k esan zidan, Ordezkaritza Madrilen kokatuta dagoen arren, harreman sendoak zeuzkatela Euskadiko enpresekin, Euskadiko industriak eta enpresa txiki-ertainak lehen mailako interesa zeukalako euren egitasmoa aurrera eramateko.
Asko hitz egin zen Belgikako egoera politikoaz eta, bereiziki, behi-behinekotasunari aspalditik ganez dion behin-behineko gobernuaz. Flandiarrek ez diote egoerari irtenbide errazik ikusten. Wantens-ek esan zigun Flandes-eko Gobernuak argi utzi zituela Octopus izeneko agiri batean, Belgikari eskatzen dizkion baldintzak Estatuaren egitura federala onartzeko. Eta baldintza horiek onartzen ez diren bitartean, aurreratu zigun, flandiarrek ez dutela baimenik emango inolako Belgikako Gobernu federalari. Hauteskundeak berriro deitu beharraren posibilitatea ere ez zuten baztertzen. Eta hauteskundeak, flandiarren indarra areagotuko besterik ez omen dute egingo.
Argi dago, bada, Belgikaren etorkizuneko egitura politikoa –lurralde egituraz ari naiz, noski- flandiarren eskuetan dagoela hein handi batean.
Deja una respuesta