Asper-asper gaude abertzaleok, Espainiaren aldeko jarrera naziozalerik sutsuenak hartzen dituztenen ahoan, beraiek ez direla nazionalistak behin eta berriro entzun izanaz. Aspertuta eta -zergatik eskutuan izan?- nekatuta baita ere, egunean-egunean ikusten baitugu ez dutela ezertarako balio beraien jarrera hori, nazionalistarena ezezik nazionalista hertzekoi eta intolerantearena dela erakusteko ematen dizkiegun argudio eta arrazoiak.
Beste arlo asko eta askotan bezalaxe, nazionalismoaren arlo honetan, izena baino, izana da garrantzitsuena. Eta alfer-alferrik izango digu Aznar batek edota Mayor Oreja batek ez daukala bere burua nazionalistatzat, gero, eguneroko jardunean erakusten ematen badigu, bere ikuspuntuak eta jarrera nazionalista peto eta hertzekoiarenak direla.