Busturialdeko EAJren eguna ospatu genuen atzo. Egun polita eskualdeko alderdikideak batu, alkar ezagutu, batak bestearen barri jakin, eta guztion militantzia berotzeko. Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta Mundakan ospatu da. Aurrekoak, Bermeon, Arteagan eta Gernikan izan ziren. Beti udabarrian. Sinbolo bidez -urteko aroak oso erreferentzia esanguratsuak dira hizkera sinbolikoaren esparruan- Alderdiak etorkizun izugarria daukala adierazteko.
Egun ederra agertu zan goizean goiz -zeru garbi eta eguzkitsua- baina orduak aurrera egin ahala, okertzen joan zan eguraldia. Talan prestatu zan hitzaldirako lekua; Mundakako lekurik zoragarrienetarikoan. Baina mitina hasi zenerako, eguerdiko hamabietan, nabarmen jaitsita egoan hotz-beroa eta haize freskoa etorren itsasotik. Horrek, ordea, ez deusku kemenik eta gogorik kendu. Ez horixe. Han egon gara danok eguraldi aurpegi emoten. Iñigo Urkullu izan dogu hizlari. EBBeko lehendakaria eta, itxura guztien arabera, uztailaren 5ean Alderdiak Lehendakaritzarako aurkeztuko duen hautagaia.
Egoera ekonomikoa hartu dau berbaldiaren ardats moduan. Eta kritika zorrotzak zuzendu deutsoz Madrilgo gobernuari, krisia kudeatzeko orduan agertzen dauan ganora gitxiagatik. Zapaterori guzurretan ibili izana aurpegiratu izan deutsogu baten baino gehiagotan baina Rajoy, orain arte ikusi dogunagatik, behinik behin, ez da, horretan atzean gelditzen. Egiak estaltzen, ez diranak baieztatzen eta diranak disimulatzen ikusi dogu azken astebeteotan. Lotsagarria, benetan. Aspalditik ezagutzen dogunok be ez gendun pentsako horrelako jokatu behar ebanik.
Hitzaldiaren ostean, Bermeoko neska gazte batek igo eban tingladota, kitarrea kolkotik dindilizka, eta pare bat abesti abestu euskun, ahots politarekin eta estilo inbidiagarriarekin. Asko gozatu gendun bera entzutean. Artea eta gusto ona dario. Leire Gotxi dauko izena. Bermeoko abesti zaharretako Jeronimo Gotxi abertzale ezagunaren birlobea da. Ikusten da ikusi aberriarekiko maitasun adoretsua tinko mantentzen dala belaunaldiz-belaunaldi.
Gero, bokarte prijitua daztatzeko aukerea izan gendun. Sasoiko arraina. Freskoa. Gozoa. Mundakako kale eta tabernetatik ostera txikia egin eta polikiroldegira abiatu gara anai arteko bazkaria hartzen. Batzokietako lehendakarien artean prestatutako bazkaria hartu gendun. Etxeko janaria. Antzinako moduan. Catering enpresa bati eskatu barik. Ikusten da ikusi, zelan gordetzen diran gure artean ohitura zaharrak. Aldiko baten, emakumeak egingo eben lan hori. Orain, barriz, gizonezkoak eta andrazkoak, alkarlanean. Bardintasunak eskatzen dauan moduan.
Busturialdeko EAJren egunak bere garrantzia dauko. Eskualde guztiak dira garrantzitsuak, jakina. Baina Alderdiaren jatorria Busturialdean errotuta dago. Sukarrieta, Arana-Goiriren bihotzeko herria, eskualde honetakoa da. Alderdiaren batzokirik zaharrenak ere -Bilboko Euzkeldun batzokia izan ezik, noski- Busturialdean zabaldu ziran: Munduakan eta Bermeon. Angel Zabala, Sabinen oinordekoa Alderdiaren barruan, Gautegiz-Arteagakoa zan. Busturialdekoa, beraz.
Giro euskaldunean ospatu gendun eguna. Alai eta gogotsu. Alerdiak hurrengo hilabeteetan daukozan erronkei bueltak emoten. Bermeoko trikitilariak eta Anjel Gondra txistulariak jarri eben musika eta gatxa. Eta alderdikide gazte barriak agurtzeko aukera euki neban. Eta hori beti da poztekoa…
Aupa Bermioooo!!
Soy dan del de la pandereta fosforita!! Aupa ahí!
Dan, no. Fan.