Duela hila bete eta erdi -abuztuaren haseran izan zen- Jon Andoni Irazusta, II. Errepublikako Gorteetan diputatu jeltzalea izan zenak euskal literaturari egin zion ekarpenari buruzko hainbat datu jakingarri aipatu nuen blog honetan. Irazustak Xabier Landabururi Munduko II. Gerratearen ostean bidalitako gutunetatik ateratako datuak ziren, hain zuzen ere, nik foro honetara ekarritakoak. Gaur arte ezezagunak izan diren datuak, alegia, eta Irazustak bere obrari buruz uste zuena ezagutzeko argi ugari eman dezaketenak. (ikus «Jon Andoni Irazusta jeltzaleak euskal literaturari egin zion ekarpenaz», blog honetan, 11.08.06an argitaratua)
Gaur ere Irazustari buruz natorkizue. Oraingoan, ordea, bere bizitzako beste arlo bati buruzko aipamena egiteko. Guda zibila dela eta, Euskaditik alde egin zuenean, bizi izan zituen amore minak aipatuko ditut gaur. Landabururi idatzi zizkion gutunetan, gai honi buruz beste leku batzuetan irakurri ditudan datuetan, nola edo hala, ñabardurak sartzen dituztenak aurkitu ditudalako.
Gizon interesgarria iruditzen zait Irazusta. Azkarra eta pentsamolde landukoa. Erdi ahaztuta dago euskaltzaleen eta jeltzaleen memorian, baina horrek ez dio meriturik kentzen. Aitzitik, bere balioa azpimarratzen duela esan daiteke beldur bardik, azalkerietan itsututa dagoen gizarte honetan zokoratuta egoteak. Lan ederra egin zuen Diputatuen Kongresuan Euskadiren izenean eta gero ere, Hegoameriketara joan zenean, Euskadiren asmoak, beharrak eta kezkak izan zituen buruan eta gogoan. Bere idazkietan ikusten denetik, ez zitzaizkion nortasuna eta heldutasunik falta. Gizon argia zen eta sormenerako gaitasuna dauzkaten horietakoa.