Urtero bezalaxe egun ederra izan genuen jeltzaleok, atzo. Milaka abertzale batu ginen Forondako zelaietan EBBko lehendakariaren hitzak entzuten eta, jai giroan, elkarri berotasuna ematen. Erromeria alaia eta beroa izan genuen egun guztian zehar. Eguraldi eguzkitsuak argi biziz bete zuen erromeria. Beste behin ere, Iñigo Urkulluk esan zuen moduan, argi gelditu zen jeltzaleon urteroko jaia dela Euskadiko alderdien jai politikorik jendetsuena.

Egungo diputatuak hasierako ibilaldian. Iraganean beste batzuk izan ziren eta etorizunean ere ez dira faltako
Alderdi Eguneko ospakizunetan ikusten da, beste inon baino hobeto, aurten, jaiaren lelo nagusia eratu duen belaunaldien arteko katearen metaforaren indarra. Zaharrak, adin ertainekoak, gazteak eta gazteagoak biltzen dira bertan eta denak aurkitzen dute -bakoitzak bere erara, jakina- asebeterako jakia. Giro ezin hobeagoa dago denentzat, eta musika, bazkaria, edaria eta ekitaldiak ere bakoitzari egokituak aurkitzen dira. Forondan, inork ez du bere burua baztertuta ikusten. Mundu guztiak dauka nora joan, zer egin eta norekin egon.