1.- Herritarren parte hartzea Antzinako Erregimeneko udaletan
Herritarren parte hartzeaz eta erakundeen gardentasunaz hain ugari eta oparo berba egiten den sasoi hauetan, interesgarritzat jo dut Antzinako Erregimeneko Bermeon -XVIII mendearen amaierarainokoan, alegia- herritarrek udalerriaren gobernuan parte hartzeko aukerarik zeukaten aztertzea eta, bere kasuan, erantzuna baiezkoa izatekotan, parte hartze hori zenbaterainokoa zen neurtu eta ikustea.
Sasoi haietako euskal udalerririk gehienetan bi organo mota zeuden -Alkateaz gain, jakina- lekuan lekuko gobernuaz arduratzeko: kontseilu irekia edo herritarren batzar nagusia, eta kontseilu hertsia. Bermeo ez zen horretan salbuespena. Gure herrian ere, udalaren organigramak, kontseilu irekia eta hertsia aurrikusten zituen.
Zertan esanik ez dago herritarren parte hartzea, kontseilu irekian gauzatzen zela batik bat. Bestea, kontseilu hertsia, organo mugatua eta itxia baitzen kasurik gehienetan; herriarren bizkarretik eta hauek ezertarako parte hartu barik osatzen zen organoa. Bermeon, esate baterako, eta zehaztasunak zehaztasun, agintaldia amaitu ostean kontseilua uzten zutenen esku zegoen euren ordez kontseilu berria osatuko zutenak aukeratzea. Gure herrian, bada, kooptazio sistema bat zegoen indarrean puntu honetan; kontseilariek eurek aukeratzen zituzten, agintaldia amaitzerakoan, euren ordez udal-gobernuaz arduratuko ziren kontseilari berriak.
Herritarren parte hartzeari buruz berba egiteko, beraz, kontseilu irekiari begiratu behar diogu.