Jon Andoni Irazusta, euskalzale, lege-gizon eta politikari tolosarra, 1884 urtean jaio zen Gipuzkoako hiriburu foralean. Gazte-gaztea zela bazkidetu zen Eusko Alderdi Jeltzalean. Tolosan, tradizionalismoaren bihotz-muinean, karlismotik abertzaletasunera daraman zubia goiztik igaro zutenen artekoa izan zen, Irazusta.
Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustun eta Madrilen. Geroztik, Tolosan bertan jardun zuen abokatu gisa.
II Errepublikaren garaian GBB-ko kidea izan zen. Eta 1933ko hauteskundeetan, Madrilgo Gorteetako diputatu izan zen aukeratua. Urte horretatik eta 1936ra arte, EAJ-ren talde parlamentarioko bozemaileordea izan zen Kongresuan; hots, Jose Horn Areilza taldeburuaren ordezkoa. Iñork gutxik gogaratzen du gaur egunean Irazusta politikariaren irudia. Jeltzaleen euren artean ere izen ezezaguna da Irazustarena. Berarekin Madrilen izandako beste batzuk maiz gogoratzen dira jeltzaleen artean, hala nola, Jose Antonio Agirre, Xabier Landaburu, Manuel Iruxo edo Telesforo Monzon. Irazusta, berriz, nahiz eta talde parlamentarioaren bozemaileordea izan, historiazaleak garenok bakar-bakarrik gogoratzen dugu. Eta bere izena aipatzen dugunean, hainbat azalpen egin behar izaten diogu solaskideari nor izan zen eta zer egin zuen adierazteko.