Bere azken saioan -irakurteko zaletasuna duen euskaldun orok eskuratu beharko lukeen Eskarmentuaren paperak izenburuko liburu irakurgarri askoan- espainiar bati inoiz bururatuko ez litzaiokeen Gonbrowixz-en esaldi bat gogoratzen du Anjel Lertxundik: “Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada…”. Esaldi horrek gogoeta pertsonal batera darama Anjel: “Hizkuntza agoniatsu batean ari naiz. Horrek idazle agoniatsu bihurtzen nau?”. Eta horri lotuta, kazetariek behin eta berriro eginten dioten galdera garratz-ankerra aipatzen du: “Zuk zergatik idazten duzu euskaraz?”; galdera mingarria, mingarririk bada, euskaraz idazteko erabakia hartu duen idazlearentzat. Lertxundiren hitzetan: “Hizkuntza hegemoniko batetik soilik begiratzen duen eta bere hizkuntza zurea baino duinagoa dela uste duen errespetugabe baten galdera da”.
“Hori bakarrik balitz, gaitzerdi” pentsatu nuen atzo La Razón egunkariaren orrietatik egan egiten nuen bitartean. Gauza bat baita bere hizkuntza zurea baino duinagoa dela pentsatzea eta beste bat -larriagoa nire ustez- bere hizkuntzaren duinagotasun horretatik abiatuta, zureaz trufa zorrotza egiten jardutea. Eta azken boladan, bigarren hau behar baino gehiago gertatzen ari delakoan nago.