Aste honetan, ohiko gaztelaniaz gain, erkidegoan erkidegoko hizkuntza propioak erabiltzeko aukera izan dute senatariek Senatuko osoko bilkuran. Lehenbizikoz gertatu izan da hori, Estatuko bigarren ganbararen historian. Orain arte, erabili izan dira, bai, erabili ere, batzordeetan –Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorrean batik bat- baina debekatuta zegoen Plenoan erabiltzea. Aste honetatik aurrera, ordea, libre uzten da eztabaida jakin batzuetan, nahi duenak, galegoa, katalana edota euskara erabiltzea.
Liskar handia sortu du berri honek espainiar eskumako jendemoduaren artean. Sarata ugari. Hor izan dira haserreak eta berba potoloak! Alderdi popularreko senatariek belarritakorik ez erabiltzea erabaki dute, gaztelaniaz beste hizkuntza bat erabiltzea aukeratzen duenari, nola edo ala, euren mezpretxua adierazi eta bizkarra erakutsiz. Sozialisten artean ere, jakina, ez daude denak ados hartutako erabakiarekin. Bat baino gehiago dago, puntu honetan, popularren iritzi berdin-berdina daukana. Eta geroago eta gehiago dira, ikusten dudanetik, erabakitakoaz damututa dabiltzanak.