Igandean -nola ez!- Bermeon izan ginen. Bizkaiko Ikastolen Federazioak antolalturiko aurtengo Ibilaldian. Jaiak, solasaldiak, euskararekiko atxikimenduak eta kirolarekiko maitasunak bat egin ohi dute, urtean-urtean, Ibilaldia-ren ospakizunetan. Aurten ere horrela izan da, jakina. Aurten ere, urte guztietan bezalaxe, zahar eta gazteak, irakasle eta ikasleak, nagusi eta txikiak, guraso eta seme-alabak, nahastuta ikusi ditugu, alai, pozik, itsas-haize kresaltsuaren eraginpean, jaiari dagokiona ematen eta, hasi berria dugun XXI mende honetan ere, euskaraz bizi daitekeela erakusten ematen.
Zorionak eman behar zaizkie Eleizalde ikastolako arduradunei, jaiaren antolakuntzan izan duten arrakastarengatik. Egitarauetan iragarritako guztia aurki zitekeen, artez, txukun, bere lekuan eta bere orduan. Zer eskatu daiteke gehiago sasoi korapilatsu hauetan? Beste alde batetik herritarrek ere laguntza paregabea eman diote antolatzaileei helburu hori lortzeko bidean. Bermeoko herri guztia ikusi dut, era batera edo bestera, lan egiten, laguntzen, edota ekitaldietan parte hartzen. Ildo horretatik, herri guztiaren jaia izan dela, esan daiteke, aurtengo Ibilaldia. Ikastolearena ez ezik, herri guztiak bere jaitzat hartu izan duen jaia. Leolak berak ere Bermeoko hizkeratik hartutako esamoldeak josi ditu mezu esanguratsuan: Maria goran, kikun behera. Urak gora datozen honetan -euskararen urak, heziketa konprometituaren urak, euskal-kulturaren urak, herri-ekimenaren urak…- bete-betean murgildu behar dugu itsasoan, gu geu ere gora eta gora datorren mogimendu horretan partaide eginez.
Une hunkigarriak bizi genituen aurtengo omenduei saria eman zaitzaienean. Aurtengo Ibilaldia Bermeon izanik, itsasoa, itsastarrak eta, bereiziki, arrantzaleak, izan genituen gogoan. Haatik, Arroyabe kontserba- fabrikaren barruan egin zen ekitaldia. Non bertan baino hobeto? Ilaski Serrano bermeotar ezagunaren aurkezpenarekin, Nestor Basterretxearen lanak eman zitzaizkien omenduei eta ikastolako neska-talde batek alaitu zuen ekitaldia koreografiaz lagunduriko kantak abestuz. Badago artea Bermeon; bai horixe. Denak bermeotarrak: Aurkezlea, sarien egilea eta abeslari-dantzariak.
Baina jaia ez da bermeotarrak bermeotarrentzat bakarrik egindako ekitaldia izan. Euskal Herrira eta mundu osoari begira antolatu eta garatu izan da. Aspaldiko ezagunak aurkitu nituen bertan: Mikel Barkman, Shelma Huxlei ikerlariaren semea, esate baterako, edota Soko Romano, Donostiako Untzi-museoko arduraduna. Luzaroan ikusi gabekoak, biak. Madrilera nabilenetik -eta hamar urte bete dira dagoeneko Kongresura lehengoz joan nintzanetik- ez dut uste, inoiz batarekin zein bestearekin egon naizenik.
Hurrengo urtean Ondarroako ikastoleari dagokio Ibilaldia antolatzea. Domekan hartu zuten lekukoa, txalo zaparradaren artean. Oraingoan, itsasertzetik itsasertzera doa txanda. Kresaletik kresalera. Ez zaie erraz egingo Bermeoko ikastolak Ibilaldia-ren antolakuntzan erakutsitako maila jasoa parekatzea, baina Ondarroan ere ez dira atzean geldituko. Ondarrutarrak ere ez dira atzean gelditzen diren horietakoak.
Jai ederra esan san. Guk oso ondo pasa dun.