Inazio Mujika Iraolak prestatu duen Xabier Leteren (Auto)biografia bat erosi nuen atzo. Eta Unamunok bezala, gaur eguerdian, begiak itxi eta eskuek itsutasunak eman dien askatasunarekin aukeratu duten lekutik zabaldu dut liburua. Eta begiak barriro zabaldu ditudanean, 128 eta 129 orrialdeak agertu zaizkit aurrean. Letek, 2001. urtean, Pagourte aldizkarian argitaratu zuen «Fanatismoa eta Krudelkeria» izenburuko artikulua han zuzen.
Irakurri dudanean, nik neuk, 2008ko maiatzean blog honetan idatzi nuen post bat etorri zait burura. Hura ere, Leterena bezalaxe, Albert Camus idazle ezagunaren Los Justos izenburuko teatro-lanari buruzkoa baita. (ikus, «El que no quiera, que no lo vea. Pero está claro«). Biak ere Euskadiko errealitate ankerretik egindako Camusen lanaren irakurketak dira. Desberdinak, jakina, baina aldi berean, uztartuak.
Hona Xabier Leteren gogorapen-gogoeta:
«Nik ikusi ez nuen egin, baina ETAk Donostiako gobernadore militarra akabatu zuenean, 1986an, abuztuko larunbat eguerdi batean, ni 200 metrotara nengoen, Diputazioko atean. Kristoren bonbazoa izan zen. Boooouum! Orduan ertzainak atera ziren eta Diputazioko txoferra ere atera zen korrika. Zera etorri zen esaten: «Gobernadore Militarra akabatu dute». Gobernadore militarrarekin kotxean zihoazen bere emaztea, mutiko bat 16 urtekoa, eta alaba bat. Laurak akabatu zituzten. Han ez zen gupidarik egon. Handik igaro zen emakume portuges bat era zaurituta geratu zen, eta hura ere hil egin zen… Gobernadore militarra Luis Garrido zen. Gobernu Militarretik atera, eta Bulearretik ibai aldera zihoala izan zen. Eta autoan zihoazen guztiak akabatu zituzten, bai. Bera, emaztea, eta seme-alabak… Nik zera pentsatzen dut: Hori egin zuenak pentsatu ote zuen momentu hartan: «Zer egitera noa, Jauna? Nik gobernadorea akabatu behar dut, baina bere emaztea eta sema-alabak ere akabatu behar al ditut?» Nik nire buruari galdetzen diot: Pentsatu al zuen? Edo agian begiratzeko denborarik ere ez zuen izan, baliteke. Agian bonba-lapa jarri zuen eta punto»
Gogoeta latza da Leterena. Euskaldun abertzaleok, ETAk sarraski negargarriak egiten zituenean, maiz-sarri egin izan dugun horietakoa. Baina gaur, 2011. urtearen amaiera ospatzen da eta ez noa hortik. Gaur gogorarazi nahi nukeena zera da: amaitzear dagoen urte honetatik aurrera ez dugula gehiago horrelako pentsakizunik izango. Ez dugula, zorionez, horren behar izanik izango. ETAk agur esan baitio behin eta betiko, gure artean eta munduan zehar, Euskadiren izenean bere kabuz «justizia» egiten ibilteari.
Ez da, ez, ikuspegi txarra etorkizunari begiratzeko.
Horregatik aukeratu dut urtearen amaiera honetan gogoan hartzeko.
Zorionak, Josu, post honetan egiten dozun komentarioagatik. Asko gustatu jat. Neu be ados nago zurekin.