Arin esaten da baina… hogeita hamabost urte ez dira aitaren batean igaroten. Hogeita hamabost urte luzetan hainbat eta hainbat gertakizun eta kontaera bildu ditu Bermeoko dantza taldeak. Hau bezelako post xume batean, urrundik ere ezin batu daitezkeen istorio-multzoak. Nik bakarrik, bestalde, ezin ditzaket denak batu, horietatik asko eta asko nire ostekoak direlako; alegia, nik talde utzi eta gerokoak direlako. Baina taldearen jaiotzaz zertxobait esan dezaket, bai. Hori bai. Orain esan ohi denez, ni ere, beste batzuekin batera, «bertan izan nintzelako».
Bermeoko Institutoan sortu zen taldea. Instituto zaharrean. Teodoro Anasagasti bermeotar ospetsuak egindako eraikuntzan. Gure gurasoek deitzen ziotenez, «Nautiken«. Ikasketa-bidaia prestatzen genbiltzan batxilergoko seigarren mailako ikasleak, eta jaialdi bat antolatzea bururatu zitzaigun dirua biltzeko asmoarekin. Eta ekitaldien artean, euskal dantza saioa sartzea bururatu zitzaigun.