Duela hila bete batzuk, Erkoreka abizena daramagun gizaki guztion jatorri-lekura egin nuen ostera baten berri eman nuen blog honetan (ikus «Jatorriko lekuak bisitatzen«, aurtengo apirilaren 22an argitaratutakoa). Nire arbasoak ere, jakina, inguru horretan izan zuten sorburua. Jata mendiaren hegoaldean. Birraitona, Rafael Erkoreka Andikoetxea, Larraurin jaio zen 1874an. Eta oraindik gaztea zela, Sollube mendiaren bestaldera etorri zen baserriak eskaintzen ziona baino bizimodu erosoagoaren bila. Gurasoak ere -Francisco Erkoreka Sustatxa eta Maria Antonia Andikoetxea Solondueta- berarekin ekarri zituen Bermeora, herri honetan hil baitziren 1904ko urtarrilean eta 1914ko ekainean. Bermeon, upelgintzan jardun zen Rafael bere bizitza osoan. Paper ofizialetan, «barrilero» eta «cubero» bezala agertzen zaigu.
Rafaelen aurrekoak, gure familiaren asaba zaharrak, Jataren magal horretan bizi izan ziren belaunaldiz belaunaldi. Nire azterketa genealogikoen arabera, San Juan Erkoreka Barandika da Larrauriko sakramentu-liburuetan agertzen den leinuko zaharrena. XVII eta XVIII mendeen artean bizi izan zen. Francisca Billabasorekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituen berarekin: San Juan, Martín, Nikolas eta Manuela. Hil zenean, «Barandica de arriba» baserriaren sepulturan obiratu zuten eta, garai hartan euskal baserrietan ohikoa zenez, bere seme nagusiari utzi zion etxea: «no testó -esaten du liburuak- por tener hecha donación de su hacienda a su hijo San Juan que se obligó a hacer sus exequias».