Duela hila bete batzuk, Erkoreka abizena daramagun gizaki guztion jatorri-lekura egin nuen ostera baten berri eman nuen blog honetan (ikus «Jatorriko lekuak bisitatzen«, aurtengo apirilaren 22an argitaratutakoa). Nire arbasoak ere, jakina, inguru horretan izan zuten sorburua. Jata mendiaren hegoaldean. Birraitona, Rafael Erkoreka Andikoetxea, Larraurin jaio zen 1874an. Eta oraindik gaztea zela, Sollube mendiaren bestaldera etorri zen baserriak eskaintzen ziona baino bizimodu erosoagoaren bila. Gurasoak ere -Francisco Erkoreka Sustatxa eta Maria Antonia Andikoetxea Solondueta- berarekin ekarri zituen Bermeora, herri honetan hil baitziren 1904ko urtarrilean eta 1914ko ekainean. Bermeon, upelgintzan jardun zen Rafael bere bizitza osoan. Paper ofizialetan, «barrilero» eta «cubero» bezala agertzen zaigu.
Rafaelen aurrekoak, gure familiaren asaba zaharrak, Jataren magal horretan bizi izan ziren belaunaldiz belaunaldi. Nire azterketa genealogikoen arabera, San Juan Erkoreka Barandika da Larrauriko sakramentu-liburuetan agertzen den leinuko zaharrena. XVII eta XVIII mendeen artean bizi izan zen. Francisca Billabasorekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituen berarekin: San Juan, Martín, Nikolas eta Manuela. Hil zenean, «Barandica de arriba» baserriaren sepulturan obiratu zuten eta, garai hartan euskal baserrietan ohikoa zenez, bere seme nagusiari utzi zion etxea: «no testó -esaten du liburuak- por tener hecha donación de su hacienda a su hijo San Juan que se obligó a hacer sus exequias».
Gaur, urtero bezalaxe, Gaztelugatzeko San Juanera joan gara urtearen amaiera ospatzen. Bide zaharretik joan gara. Urizarretatik behera doan bidetik. Eta argazkian ikusten den leku zoragarrira heldu naizenean, irudian agertzen den baserria ere Erkoreka izenarekin ezagutzen dela gogoratu naiz. Honek, ordea, beste izen bat era badu: Sanjoalde edo San Joan alde. Inguruan dauden baserri guztietatik berau delako Gaztelugatzetik hurbilen dagoena.
Garai batean, gaztetxoa eta sineskorra nintzenean, gure sendiaren jatorria hortxe zegoela uste nuen. Zuzen gogoratzen badut, aitak deskubriarazi zidan, lehenengoz, baserri horren izenaren eta gure abizenaren arteko lotura. Baina hori gutxi balitz, osten egin nituen irakurketa sakonago batzuk ere, hegaz egiteko bultzada sendoa eman zioten nire ametsei. XI mendeko dokumentu zahar batean, San Juan de la Peñaren antzinako dohantzaren lekukoa den dokumentu batean, arkaitzaren ganean zegoen erlijio-lekuaz aparte, «in loco qui dicitur Ercoreca» zeuden lurralde batzuk ere donazioaren parte zirela esaten da. Hau da, San Juan de la Peñak eta Erkoreka izeneko lekuan dagoen lur-sailak osatzen zuten dohantza. Gauza kuriosoa iruditu zitzaidan, benetan, XI. mendeko dokumentu batean, Gaztelugatzekin batera Erkoreka izeneko lekua aipatuta agertzea. Eta datu horrek bete-betean pentsarazi zidan, San Pelaio eta Gaztelugatxe inguruko betiko toponimoa zela Erkoreka. Ez da, ez, leku txarra norberaren jatorria kokatzeko. Zer gehiago eskatu dezake bermeotar batek!
Geroztik, ordea, zaharragoa eta sinesgaitzagoa bihurtu nintzenean, gauza bakoitza bere lekuan jartzen joan nintzen. Eta nire gaztaroko ametsak desegiten joan ziren. Argazkian agertzen den baserria, oso eraikin berria da. XIX mendeko bigarren erdian egin zen. Hori baino lehenago, ez zegoen leku horretan inolako baserririk. Eta Erkoreka izena, ez zuen hartu, ez, -beste kasu asko eta askotan gertatu zen moduan- inguruko toponimoetatik. Eraiki zuenaren abizena zen Erkoreka. Erkoreka guztiak bezalaxe, Larrauritik etorritako gizon batena abizena.
Baina… nortzuk, noiz eta nola eraiki zuten sanjoaldeko Erkoreka baserria?
1846. urtean, Josefa Isasi Azeretxo sanpelaiotarra, Larrauriko semea zen Juan José Uriagerekarekin ezkondu zen. San Pelaiora, jakina. Besteak beste, senar-emazteek Agustina izeneko alaba bat izan zuten. Agustina hau, San Pelaioko auzoan bertan hazi zen baina, aitaren jatorriaren eraginez-edo, ezkontzeko orduan, Larraurrira jo zuen, bertako mutil batekin ezkondu baitzen: Francisco Erkoreka Markaidarekin hain zuzen ere. 1879ko martxoaren 8an ospatu zen ezkontza, San Pelaioko eleizan. Mutilak 25 urte zeuzkan eta neskak, berriz, 21. Bikote honek eraiki zuen Sanjoaldeko Erkoreka baserria. Eta etxe berriak Erkoreka izena hartu bazuen, senarraren abezenarengatik izan zen. Tradizioak, justu kontrakoa esaten zuen. Etxeak ematen ziola abizena bertan bizi zen familiari. Kasu honetan, ordea, etxeak, jabearen abizena hartu zuen izentzat.
Sanjoaldeko Erkoreka hau ez da, beraz, nire sendiaren jatorria. Baina ez du axola. Izango balitz bezala hartzen dut; hain da paraje ederra!
Neanderthaleko gizonak harrapakinari lantza botako balio bezala iritsi ziren hitz krudel haiek nire belarrietara, eta pixkatxo bat geroago bihotzera.