1.- Herritarren parte hartzea Antzinako Erregimeneko udaletan
Herritarren parte hartzeaz eta erakundeen gardentasunaz hain ugari eta oparo berba egiten den sasoi hauetan, interesgarritzat jo dut Antzinako Erregimeneko Bermeon -XVIII mendearen amaierarainokoan, alegia- herritarrek udalerriaren gobernuan parte hartzeko aukerarik zeukaten aztertzea eta, bere kasuan, erantzuna baiezkoa izatekotan, parte hartze hori zenbaterainokoa zen neurtu eta ikustea.
Sasoi haietako euskal udalerririk gehienetan bi organo mota zeuden -Alkateaz gain, jakina- lekuan lekuko gobernuaz arduratzeko: kontseilu irekia edo herritarren batzar nagusia, eta kontseilu hertsia. Bermeo ez zen horretan salbuespena. Gure herrian ere, udalaren organigramak, kontseilu irekia eta hertsia aurrikusten zituen.
Zertan esanik ez dago herritarren parte hartzea, kontseilu irekian gauzatzen zela batik bat. Bestea, kontseilu hertsia, organo mugatua eta itxia baitzen kasurik gehienetan; herriarren bizkarretik eta hauek ezertarako parte hartu barik osatzen zen organoa. Bermeon, esate baterako, eta zehaztasunak zehaztasun, agintaldia amaitu ostean kontseilua uzten zutenen esku zegoen euren ordez kontseilu berria osatuko zutenak aukeratzea. Gure herrian, bada, kooptazio sistema bat zegoen indarrean puntu honetan; kontseilariek eurek aukeratzen zituzten, agintaldia amaitzerakoan, euren ordez udal-gobernuaz arduratuko ziren kontseilari berriak.
Herritarren parte hartzeari buruz berba egiteko, beraz, kontseilu irekiari begiratu behar diogu.
2.- Kontseilu irekia zer zen
Herritarren batzar nagusia zen kontseilu irekia. Organo honetan, udalerriko biztanleak batzartu ohi ziren. Biztanleak baino, udalkideak; jatorrizko dokumentazioak, gaztelaniaz, vecino hitzarekin aipatzen dituen herritar zehatzak. Biztanleak eta udalkideak, jakina, ez ziren gauza berdina. Umeak eta emakumeak ere biztanleak ziren, baina ez udalkideak. Udalkidea, etxeko jauna zen bakar-bakarrik. Eta hainbat lekutan, ikusiko dugunez, etxe nagusi eta aberatsenetako ugazabari bakar-bakarrik aitortzen zitzaion status hori; jauntxoari.
Bermeoko kontseilu irekietan, udalkideak batu ohi ziren. Edo udaleko liburuek behin baino sarriagotan esaten dutenez, “la mayor y más sana parte de los vecinos”. Udaleko arauek ez zieten udalkideei, beste leku batzuetan gertatzen zen bezala, kontseilu irekian parte hartzea mugatzen. Legez, beraz, udalkide denek parte har zezaketen kontseilu irekiaren batzarretan. Beste kontu bat da, jakina, errealitatean, udalkide guztiak parte hartu ohi zuten ala ez. Geroago esango dugu zerbait puntu honi buruz.
Kontseilu irekian, bestalde, herriaren arazo garrantzitsuenak eta larrienak eztabaidatzen ziren. Beste herri batzuetan, udal-arauetan zehaztutako gai jakinak bakarrik eraman zitezkeen kontseilu irekira. Debekatuta zegoen osoan herritarren batzar nagusiak gai konkretu batzuei buruzko erabakiak hartzea. Bermeon, ordea, ez zegoen horretarako mugarik. Gai garrantzitsuak baziren, edozein arlotakoak izan zitezkeen kontseilu irekian tratatzen zirenak. XVII mendeko dokumentu batek argi asko uzten du hori honako hau esaten duenean:
“…a sido y es cosa fixa convocar regimientos aviertos como este día se ha hecho que en materias graves y de esta calidad se comboque el pueblo y con su acuerdo, aplauso, consentimiento, se resuelban semejantes materias”.
Udal liburuen azterketa zehatzak ere ondorio berdinera eramaten gaitu: mendetan zehar, arlo edo materia ezberdin askotako erabakiak hartu ziren kontseilu irekian, bat ere oztopo barik.
3.- Kontseilu irekirako deia
Kontseilu irekia deitzeko erabakia kontseilu hertsiak hartzen zuen. Esku artean zeukan gai edo arazoren batek aparteko garrantzi handia zeukala ikusten zuenean –herri osoari jakinarazteko moduko garrantzia, alegia- herritarren batzarra konbokatzea agintzen zuen. 1654 urtean, esate baterako, kontseilu irekia deitzea erabaki zuen “…por quanto tenía que proponer a todos los vecinos o la mayor parte dellos que se allen en la dicha villa un negocio muy importante”. 1701 urtearen erdialdean, berriz, zera deliberatu zuten: “para el vien común de esta dicha villa y sus vecinos, conbenía el que el día Domingo primero que se contare doze de este presente mes, se convocase a este dicho regimiento (abierto) y a la diez o más de la mañana todos los vecinos o la mayo ro más sana parte de dichos vecinos”. Udalaren liburu zaharretan non gura eta noiz gura aurkitzen dira aipatutakoen antzeko erabakiak.
Deiaren zabalkundea, pregoi bidez –“pregón en la plaza y cantones acostumbrados”- edo Eleizako kanpak joaz egiten zen: “haviéndose tocado la campana de la Señora Santa Eufemia…”. Sarri askotan, Abadeak aldarrikatzen zuen kontseilu irekirako deia, Eleiza nagusian, goizeko mezan, eskaintzen ostean: “sus mercedes habían convocado este dicho regimiento abierto publicado en la Iglesia mayor Santa María de la atalaya de la dicha villa al tiempo del ofertorio de la misa conventual de dicho día para que esta tarde a las dos horas acudiesen todos los vecinos a este dicho regimiento”, esaten du 1699ko irailaren 27ko aktak. 1701ko abuztuaren 24koak, berriz, zera zehazten du: kontseilu irekian batutako herritarrak “fueron convocados y llamados por el cura de la Iglesia Mayor Santa María de la Atalaya de esta dicha villa este dicho día a la primera misa de dicha Yglesia de horden de la Justicia y regimiento”.
4.- Kontseilu irekiaren batzar-lekua
XVII eta XVIII mendeetako dokumentuetan, Bermeoko kontseilu irekia, “en las casas del ayuntamiento de la villa” ospatzen zela esaten zaigu behin baino gehiagotan. Noizean edo behin, batzar horiek udaleko etxearen barruan egiten zirela zehazten da: “dentro de las casas…”. Baina herritar ugari biltzen zenean, ez zen beti erraza izango bertaratutako denak barruan sartzea. Haatik, akta batzuk argitzen dute batzarrak kontseilupean egiten zirela: “debaxo de las casas del cavildo y ayuntamiento secular”.
Udaletxe zaharra erre zenean, 1722 urtean, Sancti Espiritu ospitalera joaten ziren batzartzera, “por considerar no haver otro paraxe más a propósito por no tener casa conzejil”. Udalaren egoitza berria eraiki zenean, berriz, berau bihurtu zuten bilgune berriz ere.
5.- Kontseilu irekiaren quorum-a eta osaketa
Kontseilu irekia balio osoz batzartu ahal izateko, gutxiengoko quorum-a eman behar zen. Zenbat udalkide batzartu behar ziren kontseilu irekiak legezko balioa izan zezan? Zenbat herritarrekin hartu zitzakeen kontseilu irekiak baliozko erabakiak? XVI, XVII eta XVIII mendeetan, dirudienez, hogeita lau udalkide bertaratu behar ziren, gutxienez, batzarra legez eratu nahi izanez gero. Honen harira gogoratu dezakegu, 1710ko akta batek esaten duela, kontseilu irekia deitzeko, jakinarazpenak, “asta veynte y quatro hombres vecinos de la dicha villa…” hartu behar zituela kontuan.
Ohartarazteko moduko kontua da, ildo honetatik, hogeita lau baino udalkide gutxiago biltzen zirenean, aktek, maiz-sarri, aitzakiak jartzen zituztela, esanez bezala, ahalegin guztia egin zela legezkoa kopurua biltzeko baina honegatik ala besteagatik ezinezkoa izan zela zenbaki horretara heltzea. 1742ko abuztuaren 24an, adibidez, hogeita bat udalkide batu ziren baina aktak ahalegin berezia egiten du legezko akats hori zuritzeko: “solo concurrieron los sobre dichos en medio de haber sido convocados otros diferentes”. 1752ko abuztuaren 20an, berriz, hemeretzi herritar bakarrik bertaratu zen eta aktak argitzen du, horiek izan zirela “los que han concurrido de los que han sido convocados para este congreso”.
Herritarrak kontseilu irekian biltzea ez zela beti gauza erraza, ondoren aipatzen dugun akordioak erakusten digu argi eta garbi: 1734ko azaroaren 8an, hemeretzi lagun bakarrik batu ziren kotseilu irekian –legezko hogeita lauak baino bost gutxiago- eta zera agindu zuten etorkizunerako:
“respecto ay mucho trabajo en juntar a los vecinos al tiempo que se ofrece Regimiento General de vecinos y muchos de ellos se escusan a dichos Regimientos y para obiar semejantes inconvenientes, en adelante se tocase la campana de Santa Eufemia en conformidad a lo prevenido en las ordenanzas municipales y para que no aya ignorancia se entiende el toque de dicha campana tres veces y en cada vez nuebe campanadas y esto con orden a los señores Justicia y Regimiento por el Alguacil de dicho señor Alcalde y así tocada dicha campana no asistieren a dichos ayuntamientos se parara todo perjuicio y se celebraran dichos ayuntamientos con los vecinos que asistieren; y lo que así se decretare tenga la misma fuerza y vigor como si se decretase y determinase por todos los vecinos”
Itsasotik bizi izan den herria izanik, Bermeon, kontseilu irekia behar bezala eratzeko behar zen quorum-a ezin lortzeak, herriko gizonak arrantzan ibili beharrean zeukan bere arrazoietako bat. 1725ko apirilaren 25eko kontseiluan, esate baterako, batzartu zirenak hauek izan ziren: “los vecinos y moradores que están al tiempo presente en esta villa porque otros muchos están unos años a Terranoba a las pescas de Bacailao y a vallenas y otros que han ido a la Armada de su Magestad en las naos de Su Magestad del puerto de Santander para Cádiz”.
Hori dela eta, urte batzuetan, kontseilu irekia deitzen zenean, agindu zehatza ematen zitzaien txalupa-jabeei: ontzi bakoitzak gizon bat utzi behar zuela herrian –“un vecino que sea capaz y abonado”- herritarren batzarrera joateko. 1730ko urtarrilaren 9an, kasu bat aipatzearren, kontseilu irekia konbokatu zen, baina baldintza hauetan: “por el grave daño que se podía causar a la cofradía de mareantes perder un día de la pesquería, determinaron quedarse un hombre de cada barco y con lo que determinasen llevaría a bien”.
Beste batzuetan, berriz, kontseilu irekia itsasora joateko egun batekin batera suertatzen zenean, batzar eguna aldatzea erabakitzen zen arrantzaleen bizimoduaren eskakizunetara egokitzeko: “hasta el primer dia que no baigan a la mar o día Domingo”.
Dena dela, 1754ko udal-ordenantzak onetsi zirenean, antzinako araua ezarri zen berriro: herritarren batzar nagusiak legez eratu ahal izateko, bertaratutako udalkideak hogeita lau izan behar zirela gutxienez: “pasar del número de veinte y cuatro”.
6.- Kontseilu irekiaren osaketa
Ordenantza hauek zilegia zela esaten zuten, 13 aginduan, “congregar a los vecinos para ayuntamientos”. Agindu honek ez zuen bereizten, beste herri askotako ordenantzek egiten zuten moduan, aberatsen eta baliabiderik gabeko udalkideen artean. “Congregar a los vecinos” esaten du soilik. Eta ez du gehitzen, beste herri askotan gertatzen zen moduan, udalkidetasun hori, vecino izate hori, ugazaben, aberatsen edo maila batetik gorako ondarea zeukatenen eskubide esklusiboa zenik. Alabaina, gauza nabarmena da, batez ere XVIII mendearen bigarren erdian, kontseilu irekietan batzartzen direnak herriko jauntxoak direla bakar-bakarrik. Ondasunak zeuzkaten biztanleak, alegia.
Batzarretako akten idazkeran ere aldaketa argia somatzen da puntu honen inguruan. XVII mendeko agirietan, batzarrerako deia, “a todos los vecinos que acudiesen al regimiento” eginten zela zehazten da. Aitzitik, XVIII mendeko bigarren erdiko aktetan, jakinarazpen zehatzak egin ohi zirela esaten da; legez beharrezkoak ziren 24ak betetzeko beste jauntxoei bakarrik zuzenduak.
7.- Zenbat kontseilu ireki ospatu ziren
Gure iraganeko erakundeei buruzko ikerketarik modernoenak eta aurreratuenak erakusten digutenaren arabera XVIII mendeak aurrera egin ahala –batzuk goizago besteak beranduago- kontseilu irekia desagertzen joan zen poliki-poliki euskal udalerrietako gobernurik gehienetatik. Jauntxoak –herriko aberatsak- nagusitu ziren udalaren agintean eta herri xehea geroago eta baztertuago gelditzen joan zen gobernuaren zereginetatik.
Ze eragin izan zuen prozesu honek Bermeon?
1680tik 1790era bitartean dauden 110 urteetan, 185 batzar nagusi egin ziren gure herrian. Urtean, beraz, bataz besteko 1,7 kontseilu ireki ospatu zen denbora epe honetan. Ez da gutxi –ez horixe!- batez ere inguruko udalerrietako errealitatea kontuan hartzen badugu. Bermeoko gobernua ez zen, ez, demokrazia zuzeneko tekniketan bakarrik oinarritzen –pentsa ezina zen hori sasoi haietan eta Bermeoren neurriko herri batean- baina ezin uka daiteke herritarren parte hartzeak bere garrantzia zeukala gure herriaren kudeaketa publikoan.
Hona hemen aipatutako data horien artean izan ziren kontseilu irekien kopuru zehaztua
Epe aldia Egindako kontseilu irekiak
1680-1689 :4
1690-1699: 14
1700-1709: 22
1710-1719: 21
1720-1729: 29
1730-1739: 26
1740-1749: 16
1750-1759: 5
1760-1769: 12
1770-1779: 27
1780-1780: 9
Guztira: 185
Taula honetan ikusten denez, kontseilu irekiak ez ziren ospatu urte eta urtemultzo guztietan maiztasun berdintsuarekin. Urte batzuetan batzar nagusi bat bera ere ez zen izan Bermeon, hala nola 1681tik1686ra bitartekoetan edota 1706a eta 1710aren artean daudenetan. Aitzitik, beste batzuetan, udalak gai potoloak kudeatu beharra zeukalako edo kontseilu hertsiko kideek batzar nagusiak egitea gustorago hartzen zutelako, hainbat ospatzen ziren urtearen barruan. Kasurik nabarmenenak, 1718, 1729 eta 1779 urteak dira. Urte horietan, hurrenez hurren, 10, 8 eta 10 batzar nagusi egin ziren.
Berba bitan laburbilduz, datu hauek eskuan hartuta, ezin daiteke esan kontseilu irekia, Bermeon, XVIII mendean zehar gutxi-gutxika desagertzen joan zenik. Bizkaiko beste herri batzuetan horrela gertatuko zen, ez dut zalantzan jartzen. Baina Bermeon ez. Gure herrian, gora-beherak izan zituen kontseilu irekiak, baina ez dago bat ere argi denboraren eraginez ahultzen eta desargertzen joan zenik
8.- Kontseilu irekiaren desagerpena
XVIII mendearen amaieran, Bizkaiko gizarte- eta ekonomia-eliteek oso dotrina kritikoa zabaldu zuten kontseilu irekiaren kontra. Oztopo hutsa zela esaten hasi ziren udalen gobernua eraginkortasunez bideratzeko. Batzar nagusietako eztabaida amaiezinak burruka eta liskarretara jotzen ei zuten maiz, herriaren arazoei irtenbidea eman barik. Horrez ganera, herri xeheak ez ei zuen argi askorik ematen geroago eta konplexuagoak ziren arazo publikoei erantzuteko. Horretarako ei zeuden eliteak. Ibañez de la Rentería ilustratuaren esanetan,
“son de poca utilidad y expuestos a muchos inconvenientes los concejos abiertos en que se llama a todo el vecindario y solo pueden ser útiles para las elecciones de oficios y para las aldeas y lugares pequeños donde no hay Ayuntamiento […] En estos congresos no hay buen orden, secreto ni actividad en los negocios, está abierta la puerta a la colusión, parcialidades y alborotos”.
Bermeon, kontseilu irekiarek kontrako ekimenak 1786tik aurrera gauzatu ziren. Urte horretan, udal-kontseiluaren baitan sorturiko auzi baten haritik, Korrejidoreak honako hau erabaki zuen:
“se prohiben enteramente para siempre los ayuntamientos generales de todo el vecindario por hallarse así mandado por la superioridad para todos los pueblos en donde ay diputados y personero, y haverse por higual razón prohivido en Balmaseda y Durango de este Señorío”.
Erabaki honekin, gure herrian tradizio luzea zeukan ohitura errotua mozten zuen Korrejidoreak. Mendeetan zehar kontu handiz jagondako usadio sustraitua. Udalak, debekapenaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen, baina arrakasta barik. Bere horretan gelditu ziren gauzak. Harrez gero, izan ziren, bai, herritarrekin ospatutako batzarrak, baina batzar horietan herriko jauntxoak bakarrik jo ziren herritartzat. Herriaren parte hartzea jauntxo soilen parte hartzean bilakatu zen.
Interesgarria benetan, beste barik.
Eskerrik asko.
Behe Erdi Aroa,Antzinako Erregimena edota Aro Modernoan, jauntxo eta biztanle edo udalkideren arteko harremanetan,botere ekonomikoa beti izan da nagusi.
Erderaz idatzi ohi izaten ziren dokumentu guzti haiek,jauntxo berari horrela komeni zaiolako idazten ziren.Horrexegatik hain galdua dugu ohitura euskeraz;betirako galduak dugulako ,batez ere, hain urte (mendeak) garrantzitsuak,euskal kulturaren garapenean.
Bermeon,Euskal Herriko hainbat udalerri bezalaxe,euskal hizkuntza mundura plazaratzea ez izana -Europako beste edozein hizkuntzaren maila berean-,bertako jauntxoek Españarekiko harreman burjes-ekonomikoei lehentazuna ematen zitzaielako izan da.
Antzinako Kontseilu irekien usadio hori gaur egungo “demokrazian” ematea pentsaezina da. Gurean, herriak lau urterik behin bozkatzen du eta besterik ez. Gero, herriaren parte hartzerik ez da ematen, ezta Udaleko bilkuretan egoteko ere ez. Eskubide hori ere kendu egiten zaio. Lau urterik behin seinalatutako egun preziatu horren ondoren (maiatzaren 22a) herriaren hitzak, gehiengoaren hitzak, ez du ezertarako balio. Herriaren gehiengoak, egun seinalatu horretan, ERRIGOITIN ZENTRALIK EZ! esan zuen. Egun horretan, antzinako usadioan bezala, gai potoloak erabakitzeko deitu ziguten Kontseilu irekira. Bertara hurbildu ginen gehienok hartutako erabakiari Korrejidoreak, herriko Jauntxo bakarrak, Alkateak, muzin egin dio. Antza denez Partiduak ere bai. Aspaldi ez dago Errigoitin ez Kontseilu irekirik ez demokraziarik, ezta Udal bilkuretan herriak parte hartzerik; alkateak, Udaletxean bost pertsonentzako lekua baino ez zegoela erabaki zuenetik. Egunen baten berreskuratu ahalko dugu Kontseilu irekiaren antzeko zer edo zer? Entzungo da HERRIAREN hitza?
Josu, zeure azken hitzekin amaitu gurako nuke iruzkina, aldaketa txiki batekin: “ Harrez gero, izan ziren , (nik, ez direla izan eta ez direla izango esango nuke), bai, herritarrekin ospatutako batzarrak, baina batzar horietan herriko jauntxoak bakarrik jo ziren herritartzat. Herriaren parte hartzea jauntxo soilen parte hartzean, Alkatearena bakarrik, bilakatu zen”.