Gaur Bakioko batzokia berria zabaldu dugu. Hainbat bazkide, abertzale eta euskalzale batu gara bertan -herritarrak, inguruetako herrietakoak eta bilbotarrak, noski- ikurriña jaso, Bizkai Buru Batzarreko presidentea den Andoni Ortuzarren berbaldia entzun eta aurtengo txakolin gardena daztatuz, lagun arteko solasaldiari ekiteko.

Ekitaldi politikoaren haseran
Giro ederra izan dugu. Alaia. Gogotsua. Indartsua. Euskaldun-euskalduna. Eusko Alderdi Jeltzalea iraganeko historia itzalia dela uste dutenen kontrako lekuko esanguratsua.
Izan ere, pozgarria da abertzaletasunaren arerio zakarrek mutur iluna hain nabarmen erakusten dabiltzan honetan, Batzoki berria zabaldu eta alderdi jeltzaleak daukan bizitasuna erakutsi ahal izatea. Belaunaldi ezberdinetako jendeak batu gara Bakion. Denok, alabaina, geure Aberria aurrera ateratzeko gogo biziarekin.