1.- Juan Arzadun Zabala, bere sasoiko milizia eta letretan goi mailara heldu zen Bermeoko semea
Ehun eta berrogeita hamar urte betetzen dira gaur -mende eta erdi- Juan Arzadun Zabala idazle bermeotarraren jaiotza gertatu zenetik. Eta bere sorterriko udalak ahaztuta izango duen arren, gogorarazi beharrekoa da Bermeoko semea izan zela Arzadun eta gizon ospetsua bezain aipatua izatera heldu zela bere sasoiko milizian eta letretan.
Esan bezela, Bermeon munduratu zen Arzadun, 1862ko urriaren 5an. Bilbobarra zuen aita -Julian Arzadun Arreta-Maskarua- baina amak -Kornelia Zabala Bakerizak- bermeotarraren sigilu nabarmena zeraman. Julianek eta Korneliak osatutako bikotea, Bermeon ezkondu zen 1857ko maiatzaren 18an eta hainbat seme-alabaren biziturria izan zen: Jose (1959an jaioa), Joakin (1861), Juan (1862), Julian (1865-1866an hila), Pilar (1866), Julian (1869-1871an hila), Beatriz (1870-1873an hila), Andres (1871) eta Antonio (1873).
Garai latzak ziren XIX mendearen bigarren erdiko haiek eta Bermeoko Arzadun-zabalatarrak ere zuzen-zuzenean bizi izan zituzten sasoiko ezbeharrak. II gerrate karlista zela eta, Galiziara alde egin zuen familiak. Hortxe dago, hain zuzen ere, Juanek batxilergoari dagozkion ikasketak Pontevedrako institutuan egin izanaren arrazoia. Galizian hasi eta hezi zen Juan hein handi batean. Izan ere ikasle denborako garai haietan azaldu zitzaion bizitza guztian lagunduko zion literaturarekiko griña. Irakurle amorratua egin zen eta, irakurriaz-irakurriaz, laister garatuko zuen idazteko zaletasuna ere. Madrilera eta Segoviara joan zen gero karrera militarra egiten. Udaldietan, ordea, beti Bermeora. Jaioterrira. Hainbeste maite zuen txokora. Bere idazkietan, ikusiko dugunez, maiz-sarri agertuko zen sorterri goxora.
1892ko iraliaren 22an, hogeita hamar urte zituelarik, Elena Ibarraran Alegriarekin ezkondu zen Bermeoko Santa Maria eleizan. Bost seme-alaba izan zuten: Fernando, Julian, Elena eta Maria.
2.- Arzadun militarra
Artilleriako ofizialaren titulua lortu zuenean, Tenerifera bialdu zuten lehenik, eta Gasteizera gero. Azken hiri honetan idatzi zuen, Lore Joko batzuen aitzakian, bere poemarik ezagunenetariko bat: A la patria euskara.
«Lleno de amor hacia mis patrios lares
¡bendigo la fortuna,
que hizo a la brisa, aliento de tus mares,
acariciar mi sien desde la cuna»
Arabako hiriburutik, Madrilera, Segoviara eta, azkenean, Donostiara mugitu zen. Milizian jardun zuen bitartean Estatu espainiarrak gerrate bat baino gehiago jasan zuen arren, ez dirudi guda ekintzetan parte zuzena hartu zuenik: ez Pilipinetan, ez Kuban, ez eta Ipar Afrikan ere. Ez dut, behintzat, horri buruzko berririk aurkitu. Horrek esan nahi du, ekimenetakoa baino, ofizinako soldadua izan zen; intelektuala; Espainiako milizian jardun arren, A la patria euskara olerki bat eskaintzeko dohea, irizpidea eta askatasun pertsonala zeuzkan horietakoa.
Miliziaren baitan, goi mailaraino heldu zela esan daiteke. Artilleriako jeneralaren dibisa jantzi zuen eta Gipuzkoako gobernadore militar gisa jardun zen erreserbara igaro aurretiko urteetan. Ni umea nintzenean, gure amamak kontatzen zuen, bere aita, Ladislao Luzarraga Anparan, Donostiako ospitale batera joan zela minbizia tratatzen -Onkolojikora, seguru asko- eta, halako batean, bertako gobernadore militarra etorri zitzaiola gelara bisita egiten. Ladislao, klinika hartan hil zen, minbiziak ganez eginda, 1924ko urriaren 21an. Urte horretan, Arzadun zen Donostiako gobernadorea. Ez dago, beraz, zalantzarik: bisitan joan zitzaion gobernadorea, bere paisanoa zen: Juan Arzadun bera.
Segoviako Akademiako zuzendaria ere izan zen Arzadun. Eta Primo de Riberak kendu omen zuen kargutik, diktaduraren kontrako jarrera hartu zuelako.
3.- Arzadun idazlea
Baina militarra izateagatik baino, idazlea izan zelako gogoratzen dugu hemen. Idazle oparoa eta literaturaren arlo asko jorratu zuena: eleberriak, ipuinak, olerkiak, antzerki-lanak eta entsaioak argitaratu zuen. Egunkari eta aldizkarietarako ere maiz idazten zuen. Eta operako libretoen sorkuntzan ere bere saiotxoak egin zituen. 1910. urtean, Mendi Mendiyan lanarekin lortu zuen arrakastak eraginda, Usandizaga musikalariak Arzadunengana jo zuen euskal gaiei buruzko libreto berri bat eskatuz. Arzadunek, jakina, ilusioz betetako baiezkoa eman zion. Eta Costa brava izenburua izango zuen lan bat prestatzen hasi zen. Donostiako musikalari gazteari oso atsegina egin zitzaion Arzadunen proposamena. Bermeotarrari idatzi zion gutun batean honakoak esaten zizkion elkarrekin prestatu zuen opera lanari buruz: