Urtean-urtean ospatzen dira madalenak Bermeon. Are gehiago, egun seinalatua da uztaileko madalenarena Bermeoko jaien agendan. Aurreko urteetan ere eman izan dut honen berri. Izan ere, madalen egunak bermeotarron ohitura zahar eta herri-tradizioetan jokatu izan duen paper garrantzitsua eta, gaur egunean ere, oraindik mantentzen duen indarra azpimarratu izan dut blog honetan (ikus, besteak beste, «Madalen egunari dagokiona ematen» edo «2010ko madalen eguna«). Ez noa, beraz, Bermeoko madalen egunari buruzko azalpen orokorrik errepikatzera. Labur-labur esanez, jai hau, Izaroko ugartea, Bermeoko udalerriaren mugarrien barruan dagoela adierazteko ospatu ohi da. Aspalditik ospatu ere. XVII mendean ospakizun bizi-bizia baitzen jadanik.

Bermeoko alkatesak, Bermeoko itxuginak noraino heltzen diren zehazteko, teila itsasora bota duen unean.
Aurten, igandez etorri zaigu madalen eguna. Eta horrek -jakina- garrantzia handia dauka uztailean oporrik ez daukagunontzat. Igandez etorri izanak, ohi dena baino jendetza gehiago inguratzea ahalbideratu izan du. Jendez ganezka zegoen Bermeo, eta jende asko inguratu da baita ere Elantxobera eta Mundakara. Eguraldi eguzkitsuak eta itsasoa kalma zurian egon izanak, asko lagundu dio jai egunari, ekitaldien zati handia itsasoan egiten baita.