Europa mailako krisi batean murgilduta gaude. Krisi latza, sakona eta iraunkorra. Krisi anitza, baita ere, bere oinarrietan eta nabarmentzeko moduetan. Izan ere, krisi hau, ekonomikoa baita bere arlorik ikusgarrienetan, politikoa oinarrizko zutabeetan eta baloreena bere sustrairik sakonenetan.
Europa mailakoa denez gero, Europari berari dagokio krisi honi aurre egiteko hartu behar diren neurriak hartzea. Estatu bakoitzak ezer gutxi egin dezake bere kabuz krisiaren zaflada mingarriei erantzun eraginkorra emateko. Eeuroak, iraun nahi badu, behintzat, txanpon orok bere atzean dauka egitura publikoa behar du: Banku publikoa -banku osoa esan nahi dut, ez egungo Europako Banku Zentrala bezalako banku errena-, batasun fiskala eta finantza-sistema bateratua. Eta horietaz guztietaz aparte, jakina, ekonomia suspertu behar denean, susperketa horretaz arduratuko den erakundea, demanda areagotu eta inbertsioak berpiztuz.