Arin esaten da baina… hogeita hamabost urte ez dira aitaren batean igaroten. Hogeita hamabost urte luzetan hainbat eta hainbat gertakizun eta kontaera bildu ditu Bermeoko dantza taldeak. Hau bezelako post xume batean, urrundik ere ezin batu daitezkeen istorio-multzoak. Nik bakarrik, bestalde, ezin ditzaket denak batu, horietatik asko eta asko nire ostekoak direlako; alegia, nik talde utzi eta gerokoak direlako. Baina taldearen jaiotzaz zertxobait esan dezaket, bai. Hori bai. Orain esan ohi denez, ni ere, beste batzuekin batera, «bertan izan nintzelako».
Bermeoko Institutoan sortu zen taldea. Instituto zaharrean. Teodoro Anasagasti bermeotar ospetsuak egindako eraikuntzan. Gure gurasoek deitzen ziotenez, «Nautiken«. Ikasketa-bidaia prestatzen genbiltzan batxilergoko seigarren mailako ikasleak, eta jaialdi bat antolatzea bururatu zitzaigun dirua biltzeko asmoarekin. Eta ekitaldien artean, euskal dantza saioa sartzea bururatu zitzaigun.
Gogorarazi beharrekoa da dinodan hau hobeto ulertu ahal izateko, une hartan -1976 urtea zen- ez zegoen dantza talderik Bermeon. Iraganean, txikitan, Patxi Beitiarekin edota ikastolaren inguruan dantzan ibili izandako dantzari banakan batzuk zeuden, bai. Baina ez zegoen talderik. Eta urtean-urtean, iraileko andra marietan, kanpoko herrietatik ekarri ohi ziren dantzariak Bermeoko jaiei euskal folklorearen usaia emateko. Gaztetasunaren ilusioak eraginda, herriak pozik hartuko zuela somatzen genuen, herriko semez osatutako taldea. Eta horrela hasi ginen zortzi boluntario dantzan ikasten.
Hasiera haietan, Laga ikaskidea izan genuen irakasle eta zuzendari. Mundakako Gazte-zar taldean ibilitakoa zen Laga eta bera hartu genuen gidari. Marino, Institutoko zuzendaria eta biok jarri ginen aurreneko lerroan. Gaizka San Pedro eta Iñaki Benguria bigarrenean. Atzeko laukia, berriz, Alberto Gasko, Lion Telletxea, Pablo Basterretxea eta Josu Erauzkinek osatu zuten.
Atzo gertatu izan bazen bezala gogoratzen dut. Egunero batzen ginen zintzo-zintzo, patioan, pausoak, punteoak eta behatzen mogimenduak ikasten. Ikusitakoa behin eta berriro errepikatuz. Hasierako hutsak ekinaren ekinez zuzenduz. Jatorrizko ezintasunak ahaleginaren puruz egingarri bihurtuz. Banakoa eta txotxongiloa izan ziren gure hasierako ikasgaiak. Hasieran desastre hutsa zen dena. Bakoitza bere aldetik zebilen. Elkarren kontrako txoke egiten genuen. Gauzak artez egitea ezinezkoa iruditzen zitzaigun. Baina egunak aurrera egunak atzera, urratsez urrats, forma txukunagoa hartzen joan zen gure koreografia xumea. Azkenean, lorpen «presentablea» aurkeztu ahal izan arte.
Ez dut gogoratzen zergatik baina… kontua da, ahalegin ugari egin eta gero, azkenean, ez zela asmatutako jaialdia ospatu. Eta dena bertan behera iztekotan geunden, Enkarnik, sasoi hartako nesken prestakuntza fisokoko irakasleak eskatu zigunean, maiatzean, Korpus egunean, ospitale psikiatrikoan egin ohi zen jaira dantzan egitera joateko. Eztabaida izan genuen joan ala ez. Baina kementsua zen Enkarni, eta konbentzitu egin gindun. Beraz, Bermeoko ospitale psikiatrikoan gauzatu zen gure lehenbiziko ariketa publikoa. 1976ko Korpus egunean. Argazkiak ere badaude egun horretako gure jarduna irudietan jasotzen dutenak. Txapel beltza, alkandora zuria, gerriko gorria eta praka urdinekin aritu ginen egun hartan. Bermeoko kutsu arrantzalea eman nahirik… mahoizko prakak sartu genizkon jantziari. Harrez gero, urtetan ibili izan gara uniforme horrekin.

"Alkartasuna" dantza taldeak, Bermeoko ospitalean egin zuen lehenbiziko ekitaldi publikoa. Argazkiaren eskumaldean dagoen dantzaria neu naiz, hamabost urtekin
Ospitaleko txaloak jaso ondoren, berotu egin ginen -guk geuk ere ez genuen sinesten ikusleengan sortu genuen arrakasta- eta batzokiko zinean izan genuen bigarren ekitaldia. Urtean-urtean antolatzen zen marrazki-lehiaketako sariak banatzeko saioan egin genuen bigarren dantzaldi hau.
Kurtsoa amaitu zenan… taldearekin jarraitu ala ez jarritu eztabaidatu genuen. Pena ematen zigun emankorra zirudien hazi hura jarraipen barik uztea. Baina ez genekien jarraipenari ekiteko nola jokatu ezta norengana jo ere. Azkenean, baiezkoa nagusitu zen. Eta Patxi Beitiarengana jo genuen taldearen zuzendaritza hartu zezan. Orduan jarri gehion taldeari izena ere: Alkartasuna.
Ikusten denez, hasiera xehea izan du taldeak. Oso apala. Baina historia oparoa zalantza barik. Ibaia urtsuak bezalaxe.
Haaaalaaaaa! Pa´ habernos matao!!!