Euskararen eguna omen da gaur. Eta aitzaki hori hartuta, gogoeta edo gogorapena egin behar omen du politikari euskaldun orok euskararen egungo egoeraz eta etorkizunaz. Hori omen da zuzena eta ortodoxoa. Hori omen da «korrektoa». Legezko politikari guztiek egingo omen dute gogoeta edota gogorapen hori. Lopez lehendakariak ere Xabier Leteren «Xalbadoren heriotza» ekarri omen du gogora. Eta horrela beste batzuk ere… ez omen dut irtenbiderik.
Esanda dagoela uste dut -eta maiz errepikatuta ganera- euskararen iraganeko, gaurko eta etorkizuneko estatus-ari buruz esan daitekeen guztia. Ez beti euskaraz, jakina -gaztelaniaz egin izan baita asko eta askotan- baina debate ugari izan da gure artean euskararen inguruan. Ez dago euskaldunik noiz edo behin euskarari buruzko elkarrizketa traszendental edota agonikoren batean parte hartu ez duenik. Eta beti, jakina, topiko berdin antzekoen inguruan. Hizkuntza txikia dela gurea -hiztun gutxi dituena, alegia-; iraganean, jazarritua eta familia/lagun artera zokoratuta izan den arren, ofizialtasunaren maila lortu duela gaur egunean, horrek berarekin dakartzan ondorio positibo guztiekin; hala eta guztiz ere, ez duela etorkizuna bermatuta, munduan diren hizkuntzen artetik, milatik bederatziehun baino gehiago desagertu egingo baitira XXI mendean zehar; euskaldunok ez dugula behar den besteko ahaleginik egiten gure hizkuntzak indartsu iraun dezan; guk geuk elikatzen dugula, zuzenean ala zeharka, hizkuntza guztientzat larria baino larriagoa den diglosia madarikatua, eta abar.
Baina topikoak gora behera, hortxe dirau euskarak, bere indar eta ahulezia guztiekin. Hortxe dirau bere zama historiko eta sinbolikoarekin. Eta hortxe dirau debate berriei -edo zahar berrituei- elikagaia ematen. Elikagaia, eta behin baino gehiagotan -debatea euskaraz egiten denean- bitartekoa ere bai
Abertzaleen artean sarri eztabaidatu izan da euskararen garapena eta biziraupena bermatzeko egokiena izan daitekeen erregimen politikoari buruz. Nola ziurtatu genezake euskararen etorkizuna? Beharrekoa -ala komenigarria- al da Euskadi aske eta independientea euskararen geroa bermatzeko? Eztabaida zaharra da. Zahar berritua, zehatzago esateko, batzuen eta besteen argudioak ez baitira gehiegi berritu.
Aspaldiko liburu eta paperak ordenatzen -eta bide batez begiztatzen- ibili naiz azken egun hauetan, eta eztabaida honen izpiak aurkitu ditut han eta hemen. Gotzon Garateren hausnarketa batzuekin topo egin dut, esate baterako, Karmel aldizkariaren 2006ko hirugarren alean. Independentziaren aldekoa da Garate. Argi eta garbi. Horixe omen da, bere ustez, euskararen gaitzak behin eta betiko konpondu eta bideratuko dituen opzioa: independentismoa. Bere independentismoa, ordea, ideologikoa baino, euskalzaletasunak eragindakoa da. Indalecio Prietoren esaldi ezaguna eta grafikoa nire eginez esan dezaket «independentista a fuer de euskalzale«.
Hona hemen bere hitzak:
«Zein da gaitz guztion erremedioa eta botika? Ez gaitezen itsutu. Erremedio bakarra independentzia da. Gu geure buruon jabe izatea eta euskarari, desegin ez dadin, erremedioak ematea.
Geuk ikusi behar dugu euskarak ze erremedio behar dituen eta erremedio horiek emateko eskua libre izan behar dugu, Madrili eta Parisi baimena eskatzen jardun gabe.
Autodeterminazioa lehenik eta independentzia gero. Horretan ipini behar ditugu gure indar guztiak […] Ez dago inongo dudarik. Independentziarik gabe euskara luzaroan galdu egingo da. Beharrezkoa izango ez delako»
Gotzon Garateren aburuz, euskalzalea, benetakoa bada behintzat, abertzalea izan behar da; abertzalea ez ezik, independentista argia eta porrokatua. Eta aitzitik, abertzalea -edo independentista- ez dena, nekez har daiteke euskalzaletzat.
Beste muturrean Ramon Saizarbitoria aurkitu dut. Saizarbitoriaren jarrera bestelakoa da. Zinez aitortzen du abertzaletasunak eraginda egin zela bera euskalzale. Bere euskalzaletasunaren iturria, beraz, abertzaletasuna izan da; hots, nazionalista izan delako egin da euskalzale: «esan dezadan, mezua gehiegi laburbilduz, euskalduna banaiz, neurri batean gaztelera etsaiaren hizkuntza bezala sentitzen ikasi nuelako dela». Are gehiago, Saizarbitoriaren iritzia da «nazionalismo soziologikoa euskaldunagoa bada, nazionalismo politikoak euskara defenditu duelako dela, eta aurrerantzean ere gehien defendi dezakeela uste delako».
Dena dela, ez da hizkuntza eta ideologia nahastearen aldekoa: «euskarari ez zaio komeni, jada, nazionalismoarekin ezkondu dezaten. Euskararen etorkizuna ezin zaio lotu postulatu politiko zehatz bati. Ezin esan dezakegu, zintzoasun minimo batekin, euskararen iraupena edo garapena, nazionalismoak bere asmo politikkoak lortzearekin baldintzatuta dagoenik. Ez dago argi, independentzia politikoa areagotuz, euskararen alde baliabide gehiago erabiltzeko modua izango genukeenik, eta beharbada, nazionalismoaren hizkuntza politika aurrera eraman ahal izatea bideratu zuen adosasun politikoa ez zen posible izango, egungo ez litzatekeen beste testuinguru batean, independentziarenean besteak beste». Euskara eta abertzaletasunaren arteko lotura -iraganean, erresistentziaren garaian hain baliotsua izan zen lotura hori- ez omen du balio gaur egunean euskarak dituen erronkei aurre egiteko:
«…benetan nahi badugu euskaldungoa zabaldu, eta abertzaleak ez direnek ere euskara onartu dezaten, nik uste dut lotura hori hautsi egin behar dela.
Ezin ahantzia da, Irlandak independentziarekin lortu ez zuena, izan zaigula posible lortzea guri, eskoletan adibidez. Ez dakit alternatiba hipotetikoegia ote den, baina nik neronek aukeratu behar banu, nahiago nuke independentziarik gabego Euskal Herri euskalduna Euskadi independiente eta erdalduna baino. Erdara ere nire baita, baina euskara areago».
Hortxe bi iritzi ezberdin. Biak ere oinarrituak eta argudioz ondo jantziak. Ez dut esango osoan eta erabat kontrajarriak direnik baina, puntu batzuetan behintzat, nekez uztartzeko modukoak.
Nik neuk ez daukat argi bi planteamendu hauetatik zeinek daukan indar eta arrazoirik gehien. Baina gaur-gaurkoz -eta ezker abertzalea Madrilgo erakundeetara joan arren, independentzia ez dugula aurkituko hurrengo kalekantoiaren bueltan kontuan hartuta- pozik hartzen dut debate hauek guztiak euskaraz aurkitu izana. Beti ez dugu horrelakorik izan. Ez eta urrundik ere. Eta «konformista» deituko didatenek ere kontuan hartu beharko lukete hori.
Nire iritziz, egia da independentzia politikoak ezin duela euskararen biziraupena bermatu eta are gutxiago hedapena. Irlandako kasua paradigmatikoa da. Beraien hizkuntz-politika gaeilgea babestu eta indartzeko neurri handi batean eskolan zentratu zen eta urte askotan ez du emaitza onik izan. Orain modan jartzen ari dira all-irish-school eskaintzen duten eskolak inguru erdaldunetan ikusiko dugu zein den fruitua.
Hemen ere, badakigu eskolak zer eman dezakeen eta berak bakarrik ezin duela ezagutza besterik bermatu, kasurik onenean. Baina badakigu ere Eusko Jaurlaritzatik desegin daitekeela urteetan egindako euskararen aldeko lana (funtzioarioei zertifikaturik ez eskatzea, eredu linguistiko tranpati bat, mekaltalgune handietan euskara erabiltzeko derrigortasuna kentzea…)
Baina, eskola, Jaurlaritza…ikusi dugu ETB-ren muga ere…guzti honekin ere ez da nahiko gaur egun eta oso zalantzakoa da independentzia izanda ere, gehiago derrigortuz, euskararen etorkizuna bermatuko zenik. Euskaldunok dugu, izatekotan, giltza. Aurreko laguntza guztien gain, euskaraz bizitzea aukeratu behar dugu.
Good job making it apepar easy.