Aspaldiko laguna dut Iñigo Ansola. Hainbat aldiz berba egin dut berarekin azkenengoko bost-sei urteetan, eta ia beti Markina kontuei buruz. Markina, bere jaioterri eta bizilekua, bihotzaren barru-barruan darama Iñigok. Beti dago, munduan zehar ikusten duenetik, zer ote datorkion ondo ala zerk egin diezaiokeen mesede Markinari buruari bueltak ematen. Herria hobetezea eta hobetzea da bere obsesioa. Hobetzearen irizpide zabal batekin jokatzen du ganera: herritarren bizi-kalitatea jasotzea, industria eraginkortzea, elkarbizitza bideratzea, euskaltasunari eutsi ez ezik, ahalik eta gehien indartzea… egitarau anbiziosoa dauka benetan Markinarentzat eta markinarrentzat. Hamaikatxo aldiz deitu izan digu Eskola profesionalaren inguruan sortu den Esperanza egitasmoaren alde era guztietako eskakizunak egiteko. Eta hain ondo daki gauzak eskatzen ganera -apal eta goxo, harrokeria barik, inposaketa barik- inork ezin dio ezetzik esan. Lortu ere lortu diogu dirua, Madrilen, Esperanza-k bultzatutako ikerketa egiturak eta proiektuak finantziatzeko.
Gaur, eguenero bezalaxe, merkatu eguna zen Markinan. Eta handik buelta bat ematera gonbidatu gaitu Pedro Azpiazu eta biok. Plazan, aste guztien biltzen den jendeari, udalerako hautatu dezaketen alkaterik onena Iñigo Ansola dela ikusarazteko. Eta gogoz joan gara, jakina. Gogo biziz. Benetan ikusten baitugu inork gutxik burrukatu dezakeela Markinaren alde Iñigok adina asko eta ondo. Azken urteetako alkalteak, Xabier Alberdik, udal erakundeen buruan izan dezakeen jarraitzailerik zintzoena eta eraginkorrena da Iñigo zalantza barik.
Baina gure berbea ez da beharrezkoa izan. Markinarrek ondo ezagutzen dute Iñigo Ansola eta kanpoko inoren lekukoak entzun barik ere ondo baino hobeto dakite herriaren erronkei aurre egiteko jokatu dezakeen paperaren garrantzia. Zahar zein gazte, gizon zein emakume, herriko zein etorkin, zuri zein koloredun, Markinan, mundu guztiak hartzen du Iñigo harrera ezin hobeagoarekin.
Ez nuen hain ezaguna Jesus Iriondo Etxebarriko EAJ-ren alkategaia, baina inpresiorik hobeena egin dit. Gizon arteza, behargina eta zintzoa ematen du. Eta berak ere, Ansolak legez, talde indartusa dauka bere atzetik udalerako zerrendan. Herrigintzan jarduteko egokia, elkarlanerako aproposa eta Etxebarriko giro politikoa bideratzen joateko ezin hobea. Kemenez bete gaitu, beste behin ere, hain maila eta esimazio handiko jendearen alderdiko kideak garela ikusteak. Maila handi andra-gizonak osatzen dute alderdi jeltzalea. Euskal Herriko tradiziorik hobeena hezurmamitzen dutenak.
Horiek guztiak ikusita, pozik eta adorez beteta utzi dugu Markina, eguerdiko hamabien bueltan, Urkaregi zeharkatuz Elgoibarren autopista hartu eta Nafarroarunzko bidean jartzeko.
Markinan beti irabazi izan dugu. Ez da Ondarruko moduan. Gaiztoak euren kortan sartuta dagoz.
Eskerrik asko, Josu!!