Gauza harrigarriak gertatzen ari dira Kataluniako hauteskunde-kanpainan. Orain arte ikusi ez dituguz gauzak. Kataluniarren diskurtsoa eta eztabaida politikoa, lasaia, paketsua eta arrazoitua esan ohi digute maiz-sarri. Euskadiko astopotroenarekin konparatuz, seny-z eta finezza-z josia omen da. Horrela diote behintzat, gure artean, zer kritikatu beti aurkitzen duten horiek. Aurtengo kanpaina honetan, ordea, mito horren kontrako egitate ugari ikusten dugu. Besteak beste -ez naiz, orain, usain erotikoa darien spot horietaz arituko- elkarren arteko mezu erasokorrak kaleratzen hasi dira alderdiak oraingo honetan. Eta bereziki harritu nau Alicia Croft izenordea hartuta, Alicia Sanchez Camacho hautagai popularrak zabaldu duen bideo-jokoa. Bertan, itsas-txori baten ganean jarrita ikus dezakegu Alicia, nazien garaiko Luftwaffe-k erabiltzen zituen stuka bateko pilotoa bailitzan, etorkin ilegalen eta independentziazaleen kontra tiro eginez. Tiroak, alabaina, ez dira benetakoak; ez dira polborez edo leherkaiz egindakoak. Ez. Metaforikoak dira: argi-bonbilez eginda daude. Haatik, leherkaiak baino,iIdeiak ordezkatzen dituzte. Hori bai, benetakoak izan ez arren, etorkinak edota independentziazaleak ikutzen dituztenean, desagertarazi egiten dituzte.