Ez da erraza jakitea Bizkaiko pagadirik zabalena non dagoen. Mendizaleak pentsa dezake Orozko inguruko mendietan dagoela. Edo Urkiola hurbileko aitzetatik barna. Edo Gorbeiaren magaletako basoetan, behar bada. Ba, ez. Bizkaiko pagadirik handiena Enkarterrietan dago. Horrela diote behintzat mendiz mendi dabiltzanentzat prestaturiko gidak. Bizkaiak Burgosekin muga egiten duen puntuan hain zuzen ere. Karrantzako haranetik Balgerri mendira garamatzan bidean, zehatzago esateko.
Udagoieneko hau sasoi egokia da, oso, basotik ibiliz, arboletako osto horituen koloreaz gozatzeko. Daltonikoa ez denaren begientzat, behinik behin, opari ederra da basoek edota arboladun parkeek eskaintzen diguten estanpa koloretsua. Europako erdialdean golden autumn edo urregorrizko udagoiena deitzen diote, urtean-urtean, sasoi honetan basoak hartzen duen margo horixka-marroi-gorritxo ederrari. Nik neuk oso gustokoa dut urregorrizko udagoiena. Eta sasoia heltzen denean, tartea aurkitu nahian nabil beti, mendiko bidea hartu eta bere eskaintza kromatikoari begiratzen denbora igarotzeko.